Síguenos en redes sociales:

Gure nagusikeria

Gure nagusikeria

5.000 milioi telefono mugikor baino gehiago daude munduan, eta egunetik egunera handitzen doa smartphone-en batez bestekoa. Harrigarria gertatzen da munduko hainbat leku behartsutan, jan-edanak edo garbitasuna ere eskas dutenetan, sakelako telefono asko ikustea. Hori egiaztatu ahal izan dugu aurten Senegalen, esate baterako. Eta ez turistentzat prestaturiko guneetan soilik, baita hiriburutik urruneko landa-eremuetan ere, asfaltaturiko kale bakar bat ez dagoen herrixketan. Beste horrenbeste ikusten da saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Lehen begiradan kontraesankorra eta deitoragarria lirudikeena, ulergarria eta mesedegarria ere izan daiteke.

Unescoren ikerketa batek ondorioztatu zuenez, smartphone-ak kultura eta informazio edukiontzi garrantzitsuak dira hirugarren munduan, irakurketarako sarbide bakarra hainbat eta hainbat herritarrentzat. Ikerketak gailu mugikorrek hezkuntza, ekonomia eta gizarte arloetan dakartzaten onurak azpimarratzen ditu. Bestalde, dena daukagunontzat komunikazioa hain garrantzitsua bada, are funtsezkoagoa dateke oso gutxitik ezerezera bitarteko tartean kokaturik daudenentzat. Gure nagusikeria ekonomiko eta moraletik, oso erraza da purrustada egitea, bai Unescoren ondorioei eta bai, batez ere, hirugarren munduko herritarrei: “Sabela zerekin bete ez duzu eta smartphone bat eskuan?” Inoren lehentasunak ezartzen azkarragoak gara haien arazoetan dugun erantzukizuna aitortu eta irtenbideak errazten baino.

Hiperkomunikaturiko gure lehen munduan, badugu aski lan baliabideak egoki erabiltzen. Haur eta gaztetxoak ohartarazpenez gainezkatzen ditugu, baina ez dira txikiagoak, ez bakanagoak behintzat, helduon arteko arazoak. Bullying-aren arriskuez mintzo gatzaizkie, eta gurasoen arteko txatetan gertatzen dira bazterketarik asaldagarrienak: “Nik nahiago dut halako ume gureen taldean ez egotea”. Batek idatzi, gainerakoak mutu. Baina besteei lezioak emateko gaude.