Oxala
Iindarkeriaren erabilerari uko egin ondoren, armak desegitea etorri zen. Orain, azkenean, behin betiko desegiteko urratsa egingo du ETAk. Eragindako kaltearen aitortza testuinguru engainagarrian kokatzen du, eta besteen okerren baitan justifikatzen. Eta, halere, benetan pozgarria da azken pauso hau.
Inor ezin omen da behartu pentsatu edo sentitzen ez duena esatera. Hori ere badio ETAren agiriak, pentsatu edo sentitzen zutena esateagatik hainbat lagun jazarri eta hil ondoren. Aldi berean, beren pentsamoldea isilean gordetzera behartu dituzte beste hainbat herritar, kazetari edo artista. Eta, hala eta guztiz, bozkarioz betetzeko moduko berria da.
ETAk barkamena eskatu die gatazkan parte-hartze zuzenik izan ez zuten biktimei eta haien senideei. Zer ote da parte-hartze zuzena? Guardia Zibil edo militar izatea? Ertzain? Udaltzain? PP edo PSOEko zinegotzi? Yoyes sartzen ote da kontsiderazio horretan? Eta "iraultza-zerga" ordaindu ez izanagatik hil zituztenak? Abiadura Handiko Trenaren obretan parte hartzeagatik garbitutako enpresa-buruak? Tiroz eraitsitako kazetariak?
Biktimen artean eginiko bereizketa bidegabea da ETAren komunikatuaren akatsik larriena, eta euskal gizarteari barkamenik ez eskatzea hutsunerik nabarmenena. Izan ere, geure arteko bizikide-tzari eragin dio kalterik handiena. Berak erdibitu zuen gizartea, berak jasanezin bihurtu egunerokotasuna. Halaber, neurtezina da euskal abertzaletasunari egin dion kaltea, sentipen eta aldarrikapen zilegiak erabat lohitzeraino: "odolorarekin pozoi-tzen dugu / herri baten izerdia" (Xabier Lete).
ETA iragana da, kitto. Bake galanta emango du. "Oxala ez balitz halako ezer inoiz gertatu" idatzi du apirilaren 8an zigilaturiko idatzian. Oxala.