urte batzuk badira Zarauzko azoka gure etxe aurreko kalera ekarri zutela. Ezin zen halakorik onartu. “Zenbat zikinkeria pilatuko den hor! Herritik kanpo ez al zen hobe? Gainera, auskalo nondik etorritako jendea!” Bai ba, bertan ez baitago lapurrik.
Hileko bigarren larunbata, azoka Zarautzen. Aspaldian gutxitan izan da eguraldi ona, baina oraingoan halaxe fortunatu. Galtzerdiz jositako postu baten aurretik pasatzean, “¡artesanía pura!” esan digu ozen lurrean ia ageri ez den neskatxa batek. Ez dute eskuz egindakoen itxurarik, baina haurrek eta mozkorrek ez omen dute gezurrik esaten. Aurreraxeago joanda, diru-zorroz eta motxilaz beteriko postu baten ondotik pasatu gara. Arin samar, egia esan, zorabiatzeko moduko larru-usaina dago eta. Gure kale honetan maiz ibiltzen den aitona argi batek irriz eraso dit: “utz itzak horiek hor, bestela hi izango haiz arroxa koloreko kantzontziloak jantzi dituen lehen bertsolaria!” Umorerik ez du galdu gure aitonak, baina bertsolarien arrastoa bai.
Harrituta geratu naiz kirol-materiala saltzen zuen postu batetik pasatzean. Realeko eta Bartzelona futbol taldeko kamisetak zituzten salgai. Oso modu onean, onegian gauza onerako. Zarautzen, baimendutako azoka batean, lotsa eta erreparo zipitzik gabe saltzen dituzte faltsututako elastikoak. Ondorengo saltokietan bereziki erreparatu diet salgai zituzten markei. Faltsutuak dira asko. Ez multinazional handienak bakarrik, baita bertakoren bat ere. Iruzurrak ez du jatorririk bereizten.
Emakume batek soineko bat probatu nahi lukeela esan dio saltzaileari. Furgonetaren atzealdean probatu beharko duela esan dio, edo bestela etxera eraman eta lasai probatzeko, eta ondo geratzen ez bazaio hilabete barru izango duela aldatzeko aukera: “nosotros somos gente de palabra, señora.”