Dirua dagoen lekuan ustelak agertzen dira. Duela zenbait hamarkada, garaiko aharirik onenaren jabeak Azpeitira eraman zuen, jokorik galdu gabe zegoen beste batekin indarrak neurtzera. Bidaia abiatu aurrez semeak eta biek ahulgarri bat eman zioten. Ofizialki eurenaren alde baino askoz dirutza handiagoa jokatu zuten ezkutuan kontra. Alegia, tongo egitera joan ziren. Bi abereak aurrez aurre jarri bezain laster, hasi da bestea sekulakoak eta bi ematen. Aita-semeena, aldiz, lau hankaren gainean doi-doi, drogaren eraginez erabat motelduta. Berez izan ona, ordea, eta zutik eusten. Halako batean, eman beharraren eman beharrez, hasi da bestea ere otzantzen. Hark onenak eman dituenean, eman dio gure honek kolpetxo bat eta bera nagusitu. Hura jendearen marmarra!
Irten dira aita-semeak plazara, hartu dute aharia, sartu dute furgonetan eta abiatu dira etxerantz, mutu. Bidean doazela, hasi da semea hizketan.
- Aita, botako al dugu ahari ostia hau amildegian behera?
- Lagaiok, lagaiok bizirik, gu baino finagoa duk eta.
Madrilen ez da ahari-jokorik, baina ustela bai franko. Alderdi batek dirau agintean aspaldi handian eta aurrekontu itzelak kudeatu behar izan ditu bere eskumeneko erakunde ugarietan. “Ez den ez den tokian, maitea, aztaparrak garbi” dio euskal kanta zaharrak. Zer ebatsirik ez den lekuan lapurrik ez, baina han tentazio ugari. Agirreri esperantzarik ere ez zaio geratzen oraintxe. Inguru guztia lizundurik, ez dirudi ohiko arrandi eta kopetari luzaz eusteko modurik izango duenik. Ustelek inguratu dute, baina ez dira ezerezetik sortuak, berak hautatuak baino. Ez bat edo bi, ezta hamar edo hamabi ere. Frogek besterik erakusten ez duten bitartean, ezin esango dugu jada harrapatu dituztenak bezain ustela denik. Halere, apustu egingo nuke, aita-semeek ahariari ez bezala, lehentxeago edo geroxeago baietz norbaitek amildegian behera bultza.