Síguenos en redes sociales:

Toldoetarako hizkuntza

Gerora adiera zabalagoa eman badiogu ere, arrakasta hitzak salmenta ona esan nahi du berez. Baserritar batek merkatuan asko saltzen bazuen, huraxe zen arrakasta. Ez da harritzekoa arrakastaren esanahia zabaldu izana, saldu aditzarena ere zabaldu baita. Ostegun Santu egunez hainbat denda zabalik ikusi genituen, saltzeko egun onak izaki. Baina mezuak ere saldu egiten dira egun. Eta berriak, eta telebista-saioak. Saltzeko, berriz, produktu ona behar, edo saltzaile aparta.

Euskal Telebistan, erran nahi baita...euskarazkoan, euskal mundutik oso aparteko bi gizon amu zituzten iragarkiak luzaroan ikusi ditugu. Niri luze egin zait behintzat. Jaime Cantizanok kafea saldu nahi izan digu, Carlos Soberak esnekiak. Espainiako kateetako aurkezle ezagun biak euskaraz jarri dituzte. Txukun an-tzean-edo. Baina ez da hori deigarriena: enpresa garrantzitsuetako marketing adituei erdal eredu horiek iruditu zaizkie egokienak guri kafea eta esnekiak saltzeko. Lehen irakurketa batek ondorio arras bistako eta erosora garamatza: marketing kontuetan adituak izango dira, baina ez dute euskal mundua ezagutzen. Bigarren irakurketa makurragoa eta deserosoagoa da: guk ez dugu geure burua ezagutzen.

Saltzeko balio du euskarak. Gipuzkoan behintzat gutxi izango dira beren burua euskaraz iragartzen ez duten jatetxeak. Agidanez, Amarrujatetxea hobeto gera-tzen da Restaurante Amarru baino. Kasu askotan iruzur hutsa da, jan-edanen kartarik ez baitute eskaintzen euskaraz. Are salagarriagoa da euskarazko irratietan etengabe beren jatetxea iragarri eta zerbitzari euskaldunik ez dutenena. Batzuentzat toldoetarako hinkuntza da euskara. Edo pankarta eta graffitietarakoa.