george Bush eta Tonny Blairekin batera Azoreetako argazki sonatu hartan fosildu zen Jose Maria Aznar presidentea -disekatutako basurdearen irria lehenagokoa zuen-. Han betikotu zuen bere izena mundu mailako agintari gorenen izendegian. Gure zibilizazioaren babesle, gure nagusitasunaren berme gisa agertu zitzaizkigun, gizateriaren mehatxu izan zitezkeen diktadore eta integrismo guztiei aurre egiteko bizia arriskatzeko prest baleude bezala. Mehatxari haietako batzuk eraitsi zituzten. Saddam urkatuta hil zuten. Aurrez, munduko bakearen mesedetan, herrialdea bonbardatu eta txikitu zuten aliatuek. Azoreetako hirukote hartatik, Aznar da Irak suntsipen handiko armen gotorleku zelako diskurtsoari eusten dion bakarra. Gu guztion segurtasunak izan dituen beste bi mehatxari gaizto ere beste munduan dira jada. Chavez gaitz batek eramana, Gadaffi bere herriak irentsia, herrialderik onberenen agintarien babesarekin. Chavez eta Gadaffi pertsonaje gaiztoak, zikoitzak, ankerrak ziren, baina Espainiako presidente ohiari noiznahi erakusten dizkiote haiei bostekoa ematen poz-pozik ateratako argazkiak.

Ez da Aznar Espainiak duen presidente ohi ohoragarri bakarra. Felipe Gonzalez PPren gobernua ez eragoztearen alde mintzatu da. Ez gaitezen horren alternatiba litzatekeen itun askotarikoaren arriskuan lerra, hobe da ezagutzen dugun otsoa agintean egotea arkume itxurako batek baldintzaturiko gobernu bat osatzen ausartzea baino. Raxoy nahiago du Felipek presidente Iglesias presidente orde baino. Beti iruditu izan zaizkit miresgarri beren baitako bilakaera izateko dohainaren jabe diren pertsonak. Panazko frakekin Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko manifestaldian pankartari eusten egon zen liderra, sahararrei beti haien ondoan egongo zela hitzeman zien buruzagi sozialista, bere buruaren karikatura lotsagarri bat besterik ez da egun. Xumeenen aldeko aldarriak egiten zituen lider errepublikarrak Carlos Slim aberatsa eta Mohamed VI.a, Marokoko errege diranoa ditu orain adiskide min. Hemerotekek gutariko edonoren ipurdia utz dezakete agerian. Batzuena besteena baino ageriago.