Azpeitia jaietan da! Jaiak eztanda egin du gauerdian, San Sebastian Martxaren doinuekin eta San Sebastian banderaren igoerarekin batera.
33 konpainia
33 konpainiatan banatutako ia 1.800 eta ehunka azpeitiar elkartu dira herriko plazan, ohiturari jarraituz eta eguraldi txarraren mehatxuei aurre eginez.
Oñatzbideako gastadoreek ireki dute martxa Olazko Andra Mariaren plazatik, 22.00etan.
Ondoren, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo eta Itsasi kokatu dira, eta segidan gainerako konpainiak.
Tartean izan dira Vivero eta Iturri konpainiak ere, aurtengo debutanteak; Viverokoek uniforme napoleonikoak jantzi dituzte, eta bigarrenek, berriz, XIX. mendeko Azpeitiko gizonen janzkeran oinarritutako arropak.
San Sebastian Soreasuko parrokian
Megafoniatik entzuten zen musikak lagunduta, konpainiak alde zaharreko kaleetan barrena abiatu dira, Soreasuko San Sebastian parrokiarako bidean.
Han bat egin dute Azpeitiko Musika Bandarekin, San Sebastian Martxa eta Soreasuko Sebastian piezak interpretatuz.
Omenaldiak
Handik plazara joan dira ondoren, banderaren igoera prestatzeko.
Konpainiak iristen joan ahala, bakoitza aurrez zehaztutako tokian kokatu da.
Lehen lerroan, udaletxearen azpian, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza eta Oilagorra jarri dira, eta haien atzetik gainerako guztiak, plaza osorik bete arte.
Eider Mendoza
Tokiko agintariek eta udalak udaletxeko balkoian tokia izateko antolatutako zozketan saritutako herritarrek gertutik jarraitu dute ekitaldia.
Bertan izan da ere Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eider Mendoza ere, jaioterriko danborradaz gozatzeko asmoz, beste edozein azpeitiar bezala.
Musika Banda eta banderaren igoera
Banderaren igoera baino lehen, Azpeitiko Musika Bandak errokonizumenda jaso du: bandako lau musikariek kioskotik agurtuko dituzte herritarrak.
Ondoren iritsi da une nagusia. Musika Bandak jo duen San Sebastian Martxaren lehen notek zirrara sortu dute plazan zeudenen artean, bandera igotzen zen bitartean.
Emozio hori areagotu egin da Jose Luis Frantzesenaren Soreasuko Sebastian piezak bat egin duenean, Azpeitian bakarrik interpretatzen baita.
Irrintzi, 50 urte
Agurra pieza jo ondoren, Irrintzi konpainiari egin diote aitortza: 50 urte bete dituzte danborradan parte hartzen, eta Mikel San Juanen taila oroigarri bat jaso dute.
Ospakizunak Dianarekin jarraitu du, eta beste hainbat piezaren ondoren Batasunarekin amaitu da.
Ondoren, konpainiak banandu egin dira, eta bakoitza bere elkarteetara abiatu da.
Batzuek etxerako bide hartu dute, beste batzuek, berriz, jarraipena eman diote jaiari goizeko lehen orduetara arte.
Haurren txanda San Sebastian egunean
Gaueko helduen danborradak eman dio bidea San Sebastian egunari.
Eguerdiko 12.30etik aurrera, Haurren Danborradak hartuko ditu Azpeitiko kaleak, eta gauerdian jaien amaiera iritsiko da, banderaren jaitsierarekin.