euskara batua Mitxelenarekin identifikatzen genuen gehienok. Egun, aldiz, haren oinordekoa etortzen zaigu burura, Ibon Sarasola. Hizkuntzalari donostiarrak gaitzeko lana egin du, zinez miresten ditut haren jakintza eta konpromisoa, egunero baliatzen hark, beste askorekin elkarlanean, eskura jarri dizkigun tresnak. Herenegun Euskadi Irratiko Faktorian elkarrizketatu zuten. Huntaz eta hartaz mintzatu ondoren, euskara batuari buruz hauxe esan zuen Sarasolak: "Nik idatzi modu batea iten det eta, ikusten dezun bezela, hitzein beste batea (...). Lehen eundoko torturak ematen nizkion nere buruari halako batu antzeko bat egiten. Hori hizketaren profesionalentzat ondo dago, baina nik horrekin neure burua torturatzen det, batura gehitxo edo hurbiltzen, eta batez ere en-tzulea torturatzen det, ze nik natural hitzeiten detenetik ateratzen banaiz, a-o-o-o-a-a (totelka) hasten zera eta horrekin ez du inork ezer irabazten. Nahiago det normal hitzein". Elkarrizketa pare bat ordura entzun nuen, streaming bidez. Horri esker, behin eta berriz entzuteko modua izan nuen, eta aldi oro gehiago harritu nintzen, zeharo triste eta galduta utzi ninduen. Ez zait buruan sartzen berrogei urte euskara batuari eskaini dizkionak bere burua tresna bikain hori naturaltasunez erabiltzeko gai ez ikustea. Are gehiago donostiarra izanik, batua hango euskaratik askoz hurbilago baitago Barkoxe edo Urdulizkotik baino. Zer mezu zabaldu du, batua naturaltasunez erabiltzea oso zaila dela? Esatari profesionalok besterik ez genukeela horretaz arduratu behar?

Beste afera bat ere bada: batua non eta noiz erabili. Amuritzak asko egin du bizkaieraren alde, baina ederki bereizten ditu plazak. Bizkaia irratian bizkaieraz egingo du, Euskadi Irratian, ostera, batuan. Sarasolak ez, ordea. Ibonek Euskara batuaren ajeak liburua argitaratu zuenean, iparraldean eskainiriko hitzaldi baten ostean zera ihardetsi zion hango kazetari batek: "Guk ez dakigu ajea zer den?". Estrategikoki ere makur ugari dugula iruditzen zait, ostiralera arte uste nuena baino gehiago.