Jada ahaztuta banengoen ere ohartu naiz matrikulazio kanpaina hastear dela. Aurten ere, sare kontzertatuaren publikotasun aldarriaren mozorro pean, ikastolen aurkako urteroko leloa. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen EAEko hezkuntza sistema berriz planteatzeko garaia artikulua lekuko.Berriro ere publiko-pribatu terminoak hitzetik hortzera eta aho betez irakurlegoan zalantzak sortu asmoz. Aspaldikoa bada ere nago argigarria delakoan Felix Basurko irakasleak Isilik pedagogi aldizkarian (16zk. - 1992), Escuela Pública Vasca Lege honekin erresistentzira berriz artikuluan zioena: Beraz, gauza bat zen “publikoa” edo Administrazioarena izatea eta beste gauza bat “publikotasuna” edo populuari zegokiona izatea, alegia. Horregatik, garai hartako euskal Administrazioak “eskola nazionalak edo nazio-estatalak” euskalduntze eta berrikuntza ikuspegitik “publikotasun” kontzeptu horrekin bat ez zetozenez, “transferituak” deitu zituen egiazko “publikotasuna” lortu arte.Urteak joan eta urteak etorri, zoritxarrez, gaur oraindik “publiko” kontzeptuaren esanahia estatu eta administrazioari dagokio eta Euskal Herria burujabetzarik gabeko nazioa, botererik gabea eta beste estatu batzuen (Espainia-Frantzia) menperatutako lurraldea denez, indarrean dauden eskola sistemak aipatu estatuen legediaren menpe daude. Hauxe dugu Euskal Herriaren egoera, hezkuntza sistema “autonomikoak” izan arren bere lurraldeetako eskoletan ezarri den curriculuma estatu espainiarraren egokitzapena besterik ez da izan. Ahantzi gabe, irakasleen funtzionario legea, ea. ea.Beraz, gaur gaurkoz eskola publikoek lor dezakete aipatu publikotasuna? Norberak erantzun beza.Bukatzeko, tamalgarria eta penagarria deritzot alde bakarreko topagune horri sinatzaileez at, beste sareetako hezkun-tza eragileekin elkarlanik ez dudalako ikusten eta bai ordea, zatiketa eta gorrotoa eta hortik nekez atera daiteke deus egokirik. Zuen hitzak erabiliz, nola kohesiona liteke gizartea elkarlanik gabe? Nola eralda liteke administrazioa indar batze gabe? Euskal Herriak burujabetza lortzen duenerako hezkuntza sistemak egokitu, eguneratu beharra du horretarako erresistentzia estrategia berriak prestatuz “publikotasuna eta euskalduntzea” lortzeko. Euskal Eskola Publiko Berriak ez duelako administraziotik etorri behar, hezkuntzako partaide eta estamentu desberdinen partaidetza eta lanaren bitartez baizik. Koldo Mitxelena maisu handiaren hi-tzekin bukatu nahi nuke: Ikastola guztiak eskolak dira baina eskola guztiak ez dira ikastolak.