Bubisherrekin egin dut amets

13.12.2020 | 00:53

Badator eta agur egin digu bisitarak: Salam aleikum –Bego bakea zurekin, eta bertan daudenek ihardetsi: Bego bakea zurekin ere– Aleikum bi salam. Agure batek esan du Yak lebas, txingorrak astintzen dituelarik, eta besteek segidan Yak eljeir, denok gaude ongi, tea hartzen dutelarik. Merhba, merhba, ongi etorri, ongi etorri, zatozen lekutik zatozela, bisitari. Ume baten begi handiek ez dute xehetasun ñimiñoena ere galtzen, aguren elkarrizketak nola uztartzen diren atzematen.Egon badago denbora, baita basamortuaren basamortu den hamada-n haizeak jotzen duenean ere, senideez galdetu eta gero galdetzen jarraitzeko. Shtari mn lajbar? Berririk al da? Bonbardaketak Un Dagan-en, Al-Bagari-n, eta Morokoren baseen aurka Al-Feiyinen, Farsin. Eta beste batek osatzen du entzundakoa atzo Hauzan ere eraso egiten dutela esanda, ume begi-handiak ñabardura guztiak irensten dituen bitartean. Espainiako Estatuaren traizioaren eta Nazio Batzuen Erakundearen utzikeriaren ondoren eta ondorioz, Saharako herri baketsuari armen bidea baizik ez zaio gelditu. Liman Boisha poetaren olerkien ordez, Marokoko armadak okupatutako leku-izenak nagusitu dira tearen inguruko solasaldietan. Ume begi-handia bakarrik dago haiman, anaia koxkorra akademia militarrera joan delako, eta Aaiun-go errefuxiatu-kanpamentuan ia-ia ez dago mutilik; ume begi-handiaren aita bera ere, Polisarioan dago erizain lanetan. Ez ahal da bere lana beharrezkoa izanen! Ilundutakoan egon badago denbora xake-jokoan aritzeko lagun zaharrekin, tea eta tea hartzen den bitartean, ume begi-handiak den-dena ikusten duelarik. Agureak xake-jokoan ari zirela loak hartu du ume begi-handia, eta esnatutakoan pozik eta uros dago bubisher saldo batekin egin duelako amets: bubisher txori beltza, basamortuko hegazti txikia, orobat, mezulari eta albiste onen iragarle, itxaropen mandatari, Saharako herriaren duitasunaren mezulari, baita hamada-n ere, basamortuaren basamortuan, haizeak haima anitzen artean firi-firi jo-tzen duenean.