urreko astean gure herria bolo-bolo ibili da komunikabideetan zortzi koronabirus kasu egon direlako. ETBk erantzukizun handia du horretan eta igandeko albistegiko titular nagusiak nire pazientziarekin amaitu du. Pasa den igandean ETBk eguerdiko euskarazko eta gaztelaniazko albistegiak Getariatik ireki zituen koronabirusaren 197 kasu berrien albistea emateko; explizituki Getaria birusarekin lotuz; nahiz eta kasu horietako bat bera ere Getarian ez izan. Une horretan, Osasun sailak ez zituen publiko egin herriz herriko datuak, baina jakina zen Getarian ez zegoela kasu berririk, izan ere, ostiral goizean egin zituzten gure herrian azken PCR probak eta hauen emaitzak larunbat goizean jakin ziren. Ezinezkoa zen beraz 197 kasu berri horietako bat bera ere Getarian izatea. ETBko berri emaileak zuzenekoak egiten egon ziren aste osoan Getariatik eta, beraz, bazekiten soberan Getarian larunbatean ez zela PCR probarik egin. Zergatik erabaki zuten beraz igandean azken 24 orduetako kasuen albistea Getariatik ematea? Ermua, Eibar edo Zarautzen PCR proba masiboak egiten ari ziren asteburuan. Astelehenean jakin genuen Eibarren 45 kasu positibo egon zirela asteburuan; Ermuan 71 eta Zarautzen 41. Bergaran berriz 12, eta aipatu ere ez zuten egin. Getarian guztira 8 kasu positibo soilik izan genituen aste osoan eta hala ere, albistegia Getariatik hasi zuten! ETBk Getariako “agerraldia” izendatu zuen hau agerraldi izatetik oso hurrun egon da, kasu bakan batzuk izan baitira (zortzi). Eta kasu gehiago egon diren beste hainbat herriri baino garrantzia handiagoa eman dio Getariari. Egunero egin dute zuzeneko konexioa bertatik eta askotan, albistegiaren irekiera ere bai. Piztutako alarmak eragin nabarmena izan du herriko ekonomian; ondorioz kan-tzelazio ugari jaso baititugu, bai guk zein gainerako ostatuek eta jatetxeek, Getarian aste osoan normaltasun egoeran egon garen arren. Hondartzak, jatetxeak, dendak, ostatuak, Balentziaga museoa… irekita egon dira inolako salbuespen neurririk gabe; baina ETBk Getariaz eman duen irudia guztiz desitxuratua izan da. ETBren albistegia ikustera mugatu den edonork, pentsatu du Getaria koronabirusaren munduko epizentroa izan dela; eta hala adierazi digute bezero askok. Errealitatea bestelakoa denean; 8 kasu soilik izan baititugu aste osoan! ETBko kazetariek bazekiten hori, herrian izan baitziren egunero eta lehen pertsonan ikusi zuten herriaren benetako egoera zein zen. Salatu nahi duguna da izugarrizko arduragabekeria dela, datuak direnak izanda, Getaria etengabe koronabirusaren albisteei lotzea. Min handia egin dio ETBk gure herriari eta bertako merkatariei eta ostalariei; inolako arrazoi enpirikorik gabe. Gu bezalaxe, herriko ostalari eta merkatari asko hiru hilabete luzez egon gara itxita eta orain, izugarrizko esfortzua egin ondoren, lanean hasi garenean, min itzela egin digu ETBk eman duen gure herriaren inguruko itxura faltsuak. ETB zerbitzu publiko den heinean, uste dugu kontu handiz eman behar dituela berriak eta gutxieneko zorroztasunarekin. Getariaren kasuan, argi dago, ez dutela horrela egin.Hemen azaldutako guztiagatik, eskatzen diot ETBri barkamena eskatzea publikoki Getariari, bertako herritarrei, merkatariei eta ostalariei eragindako kalteagatik. Aurreko astean ETBn herriari eman zitzaion trataera ez egokiak, izugarrizko eragin ekonomikoa izan baitu herriko merkatari eta ostalariontzat. Erreportai bat egin dezan eskatzen diot ETBri; Getariako benetako errealitatea irudikatzen. Manipulaziorik gabe. Bertako merkatariei eta ostalarioi ahotsa emanez. Igandean albistegia Getariatik ireki zutenez, eskatzen diet erreportai honek ere albistegia irekitzea. Ez dugu gutxiago merezi.Shanti Arrieta Manterola Getariako Ostalaria