Hasperenak
Artelanek sekulako ahalmena dute erakusten duenaren gainetik hainbat gauza gehiago azaltzeko
Batzuetan hasperen egin behar izaten dugu hasperenek bakarrik jaso gaitzaketen tontor batzuetara heldu ahal izateko. Batzuetan artearen, literaturaren eta musikaren beharra izaten dugu, hasperenekin bezala, gure eguneroko errealitatetik harago dauden leku horietara igotzeko. Horregatik da beti ospatzekoa hasperenek gure arima goratzeko duten ahalmen hori duten artelanak aurkitzea.
Aste honetan, Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gasteizko egoitzan, arkitekturan espezializatutako Pedro Pegenaute argazkilari iruindarraren lan batzuk ikusteko aukera izan dut. Eta hasperena eragin didate, hain sakona izan da sentitu dudan zirrara haiek ikustean.
Hodei baten isiltasuna, frontoi baten oihartzuna, igerileku huts baten tristura, leiho baten miopia... Konturatzen naiz argazkietatik gehien hunkitzen nauena ez dela erakusten dutena, baizik eta, batez ere, espazio horiek unibertso jakin baten izeberg punta direla erakusten duen begirada.
Emozioa ez da sortu nigan argazki bakoitzean agertzen den paisaiagatik, baizik eta eguneroko elementuak arrotz bihurtzeko ahalmena duen begirada konkretu batengatik.
Bere argazkiek pentsarazi didate artelanek sekulako ahalmena dutela erakusten duenaren gainetik hainbat gauza gehiago azaltzeko: irudikatutako unearen aurrekoa eta ondorengoa, errealitatearen atzealdea, gure begirada itxiarekin ikusten ez duguna... Begirada artistikoa da, Saint Exupéry-k erakutsi zigun bezala, begien aurrean ikusezina den eta funtsezkoa den hori erakusten diguna.
Normalean, errealitatea hobeto ikusi ahal izateko begirada fokatzen saiatzen gara. Hala ere, batzuetan egiak azaleratzen dira hain justu gure betazalak erlaxatu eta ikusmena desenfokatzen zaigunean; begirada lausotzen zaigun une magiko horretan, koloreek bat egiten dute, lerroak desagertzen dira eta hodei batek estaltzen du dena. Orduan hasperen egiten dugu, konturatzen garelako hain justu ikusezina den horrek mugitzen duela mundua.