Nonbaiten irakurri dut gero eta emakume gazte gehiagok erosten dituztela krema anestesikoak sexu-harremanetan minik ez sentitzeko. Eta segituan gogoratu dut behin neska gazte bati sareetan eskegi zuen bideo batean entzun niona: “Me gusta duro”. Hala esan zuen sexu-harremanei buruz berbetan zegoela. Biak nahastu zaizkit buruan eta pentsatu dut joera hauek ezin direla modu isolatuan aztertu, hau da, emakume batzuk sexu-harremanetan izan ditzaketen arazo edota gustu pribatu bezala. Sexu “gogor” hori inposatutako zerbait da, gero eta zabalduago dauden eduki pornografikoen eraginari lotuta aztertu behar da.

Neska gazte batek krema analgesikoak erosi behar izana sexu harremanetan minik ez sentitzeko esan nahi du harreman horrek ez diola plazer handirik ematen. Aldiz, gustatzen zaion gizon edo mutilaren plazerari modu egokienean erantzun nahi duen emakume baten nahia dago hor agerian, onartua eta desiratua izatekoa. Argi dago sexua ez dela terreno neutral bat. Botere harremanek, indarkeria sinbolikoak, genero rolek harreman sexualak zeharkatzen dituzte goitik behera. Agindu sozialak eremu intimoenetan eragin handia dute.

Era askotako gustuak egon daitezke sexuan, hori hala da, baina harreman sexual bati bestearenganako enpatia falta bazaio, harreman horrek besteari mina eragiten badio edo ezinegona, nekez hitz egin dezakegu plazerean eta berdintasunean oinarritutako harreman bati buruz.

Ostegun honetan, Espainiako Lehen Mailako Arretako Medikuen Elkarteak eskatu du neska nerabeen osasun sexual eta afektiboan sakon lan egitea, sexu-harremanetan nahi ez dituzten gauzak egitera ikusten baitituzte neska asko, horrek euren osasun fisiko eta psikologikoan dituen ondorioekin. “Duro” gustatzen omen zaio nik sareetan ikusitako bideoan agertzen zen neska gazteari, baina hemen benetan gogorra dena da hainbeste neska gaztek jasan behar dituzten egoerak, onartu behar dituzten jazarpenak.