Very important person entzun eta berehala datozkigu burura jende famatua, eragin handiko pertsonak, prestigio handikoak, postu inportanteetan daudenak edota estatus sozial eta ekonomiko konkretu bat dutenak. Baina, diruaren eta ikuskizunaren gizarteak eraikitako jende garrantzitsuaren estereotipoa alde batera utzita, guztiok izan nahi dugu inportanteak. Eta ez egunkarietako azaletan agertu nahi dugulako edo jauregi batean bizi, baizik eta norbaitentzat pertsona garrantzitsu bat garela sentitu nahi dugulako.Gurekin egoteagatik edo gu ezagutzeagatik norbaiten bizitza hobea dela sentitzea benetan pozgarria delako.
Hala, garrantzitsua sentitzen naiz lagun batek bere bizitzako funtsezko erabaki baten aurrean nire iritzia erabakigarria dela esaten didanean; garrantzitsua sentitzen naiz lagun bati mezu bat bidaltzean aurretik dakidanean berehala erantzungo didala, nahiz eta oso lanpetuta egon, dena utziko duela niri kasu egiteko; garrantzitsua sentitzen naiz lagun arteko bazkarietara deitzen didatenean; garrantzitsua sentitzen naiz lagun batek besterik gabe deitzen didanean, arrazoi zehatzik gabe, soilik zelan nagoen jakiteko; garrantzitsua sentitzen naiz norbaitek nire umorearekin bat egiten duenean eta elkarrekin barrez lehertzen garenean; garrantzitsua sentitzen naiz norbaitek liburu bat erosten didanean liburu-dendan ikustean nitaz gogoratu delako, niri halakoak gustatzen zaizkidala badakielako...
Denok daukagu guretzat inportantea den jendea, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu haiei garrantzitsuak direla sentiaraztea. Beraz, ondo dago noizbehinka pertsona horiek zeintzuk diren pentsatzeko ahalegina egitea eta erabakitzea haiei keinu bat, euren egoeraren berri izateko dei bat, opari bat, kontsulta garrantzitsu bat... egitea, senti dezaten zuretzat garrantzitsuak direla. Senti dezaten “jende garrantzitsua” izateko ez dela beharrezkoa egunkarietako azaletan agertzea, aski dela norbaitek zu miresteko handitasuna erakustea.