Azkenaldian entzuten ditudan adierazpen eta eztabaidetan antzeman dut gero eta jende gehiago, bestearen iritziari gor, arrazoia izan nahi duena beti. Eta, bai, zilegi da bakoitzak bere iritzia defendatzea, baina nekagarria iruditzen zait belarrietan tapoiak dituzten pertsonen arteko eztabaida antzuak entzutea. Eta ez dut uste niri bakarrik gertatzen zaidanik. Gero eta gehiago dira jarrera zurrun, gor eta itsuekin nekatzen direnak eta eskertzen dutenak ezberdin pentsatzen dutenen arteko benetako eztabaida bat. Nire ustez, hortik dator, adibidez, politikarekiko urruntzearen arrazoietako bat: eztabaida zintzo eta eraikitzaileen ordez, gero eta gehiago direla arrazoia izateko borroka gor eta sutsuak.
Herritarroi, aldiz, belarriak irekitzen zaizkigu eta arreta jartzen dugu gai baten inguruan akordioa lortu dela entzuten dugunean, edo alderdi batek beste alderdi baten proposamen bat onartu duela, edo oso ezberdin pentsatzen dutenak hitz egitera eseri direla...
Beste norbaitek arrazoia duela onartzea ezin da porrota bezala sentitu, izan ere, benetan zorte handia da orain arte kontuan izan ez duzun ikuspuntu batekin aberastu ahal izatea. Eta uste dut gero eta jende gehiagok atenditzen diola arretaz entzuteko gaitasuna duen jendeari, eta gero eta gehiago urruntzen dela arrazoia besterik izan nahi ez duenarengandik, tigrea eta astoaren fabulan bezala. Fabula honetan astoak, burugogor, larrea urdina dela defendatzen du, tigreak berdea dela dion bitartean. Lehoiarengana doaz biak, oihaneko errege bezala, larrea zein koloretakoa den argitu dezan eta lehoiak astoari ematen dio arrazoia eta zigortu egiten du tigrea. Tigreak, erabakia ezin ulertuta, lehoiari galdetzen dio zergatik defendatu duen larrea urdina dela, argi dagoenenan berdea dela eta zergatik zigortu duen bera. Lehoiak azaltzen dio zigorrak ez duela zerikusirik larrearen kolorearekin. Zigortu duela bera bezalako animalia azkar eta adoretsu batek asto batekin denbora galtzeagatik.