Julio Cortazarrek idatzi bezala, erloju bat oparitzen badizute, ez dizute oparitzen bakarrik eskumuturrera lotuta erabiliko duzun gailu bat. Jakin gabe, oparitzen dizute erlojuari egunero giltza eman beharra (edo noizbehinka pilak aldatzeko ardura); oparitzen dizute erlojua galtzeko beldurra, edo lapurtuko dizutela pentsatzeak eragiten dizun kezka… Opari batzuk pisutsu bihurtu daitezke, eta badira egia bihurtzen diren amets batzuk zama erantsia dakartenak. Dudarik gabe, bizitzan hartzen dugun erabaki bakoitzak, gertatzen zaigun gauza bakoitzak, berarekin dakartza beste hainbat, zintzilik eramango ditugunak garai bateko ezkonberrien autora lotzen ziren laten modura.

Armiarma baten antzera, elementu bakoitzak dauka beste batekin lotura, ezer ez dago guztiz isolaturik. Inguruak baldintzatzen du gure bizitza, beraz. Eta garrantzitsua da hau gogoratzea bereziki garai honetan, nor bere zilborrari begira bizitzera animatzen gaituzten diskurtso indibidualistak indarra hartzen ari direnean. Ni-aren eta selfiaren garaiotan, ezinbestekoa da gogoratzea bizitzan gertatzen zaigun gauza bakoitza mataza askotatik irtendako mila hariz josita dagoela.

Horregatik, zerbait oparitzen dizutenean, zerbait lortzen duzunean, garai bateko ezkonberrien autoetatik bezala zugandik zintzilik dauden laten soinua entzuteko gai izan behar duzu. Soinu horretan antzemango dituzulako hainbat ahots, bidean zurekin egon direnenak, laguntza eskaini dizutenenak, zaindu zaituztenenak, zuretzat ezinbesteko erreferente izan direnenak…

Bizitzak opari edo sari bat eskaintzen badizu, sari hori bada ere jaio zinenetik zure inguruan armiarma erraldoi bat sortzen joan diren pertsonentzat.

Cortazarrek esaten zuen bezala, erloju bat oparitzen badizute, ez dizute eskumuturrera lotuta erabiliko duzun gailu bat bakarrik oparitzen. Inguruan dituzunei aldi oro pilak kargatzeko ardura ere oparitzen dizute.