Beste pertsona batzuengan duzun eragina uste duzuna baino handiagoa da. Mezu hau bidali dit lagun batek. Niri eta beste lagun on batzuei bidali digu. Eta jarraian gaineratu du askotan ez garela konturatzen beste pertsona batzuengan uzten dugun arrastoaz, eta, beraz, gogoratu nahi zigula gu guztiok eragin handia izan dugula bere bizitzan.

Behin lagun batek, beste pertsona bati buruz ari ginela, “beharrezko izaki” bezala deskribatu zuen, eta pertsona hori beharrezkotzat jotzearen hainbat arrazoi eman zizkidan: egunero egiten zuen lanarekin ekarpen handia egiten ziola gizarteari; bere familian ere, behar-beharrezkoa zela bere seme-alabentzat… Jarraian, aitortu zidan berak une hartan sentitzen zuela ez zela inorentzat beharrezkoa. Sasoi txar batean zebilen.

Uste dut denok izan dugula sentsazio hori gure bizitzako uneren batean, gure ingurukoentzat garrantzitsua ez izatearen susmo hori. Guraso askori gertatzen zaie haurrak hazten direnean, edo bikoteei harremana apurtzen denean, edo luzaroan ikusi ez ditugun (deitu ez diguten) lagunen kasuan ere. Batzuetan pentsa dezakegu bat-batean desagertuko bagina ez litzatekela ezer gertatuko.

Nire lagunak bidalitako mezuak gogorarazi dit, ordea, batzuetan gure inguruan isiltasun gehiegi sentitzeak ez duela esan nahi ez garenik garrantzitsu inorentzat. Izan ere, agian ezertan eragin omen ez diozun pertsona horrek inoiz jaso du zure partetik aholku on bat, altxor txiki bat bezala gordetzen duena; edo isilean miresten zaitu; edo, besterik gabe, poza ematen dio jakiteak hor zaudela, nahiz eta denbora asko igaro den elkar ikusi gabe.

Bizitzan aurrera egiteko benetan da lagungarria jakitea norbaitentzat beharrezkoa zarela, inoiz izan duzula eraginen bat norbaitengan, konturatu gabe bada ere. Beraz, norbait zuretzat oso inportantea bada, edo zure bizitzan eragin positiboren bat izan badu, mesedez, esaiozu lehenbailehen, nire lagunak egin duen bezala. Poz handia emango diozu, ziur baietz.