Koilaratxo bat xanpain botilan sartuta. Atzo balitz bezala gogoratzen dut. Eta nire amaren ahotsa: “Ekarri koilaratxo bat xanpainari gasa ez joateko”. Eta han jartzen genuen koilaratxoa, sinetsita hura zela xanpainaren burbuilak mantentzeko modurik eraginkorrena. Hori nire etxean bakarrik ez, beste hainbat familietan ere gertatzen zen. Hainbat etxetan izan ditugu botiletan sartutako koilaratxoak han kulunka, guri begira, gabonetako afarietan.

Iruditzen zait kolektiboki partekatzen eta onartzen ditugun horrelako sinesmenak behar ditugula bizirauteko. Xanpainaren koilaratxoarena, bitaminek ihes egin ez zezaten lehenbailehen edan behar zen laranja zukuarena… Suposatzen dut ilusio bat egia bihurtzeko beharra dugula baita gure bizitzaren beste hainbat arlotan ere. Sinisteko behar bat dugula.

Eta gaur, urte bat amaitu eta ordu gutxiren buruan beste berri bat estreinatuko dugun egunean, 2022an gertatutako zoritxar guztiak gogoan, eta 2023rako munduan konpondu beharreko arazo handi guztiak ahaztu gabe (gerrak, pobrezia, klima-aldaketa, hilketa matxistak...), halako behar bat sentitzen dut neskatila hura izateko berriz ere, sukaldera korrika abiatzen zena, xanpainaren botilari ahalik eta azkarren koilaratxo bat jartzeko. Sinistu nahi dut berriz horrela xanpainak burbuilak galtzea saihesten ari naizela. 2023ak aukeraren bat emango digula sinistu nahi dut, garai batean imanezko pultsera haiek erreuma sendatzen zutela sinistu genuen bezala; edo barraskilo-babak azala gazte mantentzeko zituen propietateetan sinistu dugun bezala; edo orburu kontzentratua zuten pastilla haiekin astean hiru kilo galdu genezakeela sinistu genuen bezala. Sinesteko beharra daukat. 2023. urtera hurbildu nahi dut, nonbait zulo bat aurkitu nahi diot eta han koilaratxo bat sartu, txikitan egiten nuen bezala, urteak indarra galdu ez dezan, gasik gabe gera ez dadin, dituen erronka handi guztiei energiaz aurre egiteko aukera izan dezan. Urte berri on.