Bizitzeko dauden hamaika modu ezberdinen artean, hemen bi kontrajarriak direnak: bizitzaren aurretik joatea edo bizitzaren atzetik. Batzuetan ez daukagu denborarik ere hausnarketa hau egiteko, ez dakigu egiten ditugun gauzen aurretik goazen, edo atzetik, baina ariketa baliotsua izan daiteke, gure bizitzan zenbait aldaketa eragin ditzakelako. Azken aldian, sentsazioa dut ni eta nire inguruan dauden pertsona gehienak bizitzaren atzetik goazela, hau da, egunerokoak agintzen digula goiz-goizetik zer egin, nora joan, zer esan, nola bizi. Gauzak nola egin nahi ditugun pentsatu gabe, aurrera goazela, abiaduran doan tren batean sartu izan bagina bezala. Ez daukagula aukerarik (edo ez dugula hala sentitzen behintzat) nola bizi nahi dugun aukeratzeko, dena azkarregi doalako eta azkartasun honek eragiten duen inertziaren pean goazelako aurrera. Eta diot nik, nola egiten ote da bizitzari aurrea hartzeko? Posible al da bizitzari aurrera hartzea? Suposatzen dut ezinezkoa dela gure bizitza planifikatzea, izan ere, bizitza zerbait baldin bada ustekabekoz eta sorpresaz beteriko bidea baita, baina egongo da moduren bat aukeratutako bidetik goazela sentitzeko. Eta galdera hau buruan, XIX. mendeko Ralph Waldo Emerson idazlearen esaldi batekin egin dut topo: “Atzean uzten duguna eta aurrean daukaguna ez dira ezer barruan daramagunarekin alderatuta”. Eta orduan pentsatu dut kontua ez dela bizitzaren aurretik edo atzetik goazen, bizitzaren barrutik edo kanpotik ibiltzean dagoela gakoa. Zalantza dugunean, barrura begiratzea izan daitekeela erantzun egoki bat aurkitzeko modu bakarra. Jertse bat jartzen dugunean bezala. Nire amak askotan gogoratu digu, jertsea konturatu gabe aldrebes janzten dugunean, ez dela gauza bera “atzekoz-aurrera” eramatea, edo “barrukozkanpora”. Eta agian atzea eta aurrean kontzentraturik gabiltza, konturatu gabe arazoa ez dela hori, baizik eta garai honetan, konturatu gabe, jertsea “barrukoz-kanpora” daramagula