Zerrendak
Urtea badoa eta betiko legez hemen datoz urte bukaeran 2018ko disko onenen zerrenda, telebistako serie onenak, pelikulak, liburuak ; hemen datoz 2018ko notizia garrantzitsuenen irudiak bata bestearen atzean, hemen dator urteko laburpena. Eta hauek guztiak urtean gertatutakoa ordenan jartzeko unea heldu dela gogorarazten dizkigute.
Zergatik ez galdetu geure buruari antzeko zerbait? Zein izan da aurten gehien gozatu dugun liburua? Zein izan da urteko momenturik txarrena? Eta onena? Bakoi-tzari 2018an gertatu zaiona berrien zerrenda batean jarriz gero, zeintzuk izango liratekeen titularrak? Gure 2018a komiki baten hamabi eszenatan marraztu beharko bagenu, zeintzuk izango liratekeen irudiak? Eta gure ekarpenak? Egin diogu gutako bakoitzak 2018 honetan ekarpen garrantzitsurik gure inguruari, gure gizarteari, gure lagunen bati?
Urtea badoa eta gure gizarte kapitalista honetan urte bukaeran egiten diren zerrendak gauza gehiago saltzeko egiten dira, hori da beraien helburua. Baina guk gure zerrenda propioak egin ditzakegu.
2018an gauza asko gertatu dira, nahiz eta urteak aurrera joan gero eta azkarrago pasatzen zaizkigun orduak, egunak, asteak eta urteak. Badaude zenbait borroka ez direnak urte batetik bestera irabazten, epe luzeko lana eskatzen dutenak. Hizkuntzarena adibidez, edo berdintasunarena. Egin dugu aurrera 2018 honetan euskararen erabileran? Egin dugu aurrera emakume eta gizonen berdintasunean? Zalantzarik gabe, ez dira erraz erantzuteko galderak. Baina nik Euskaraldiak gure artean argiren bat piztu duela sentitzen dut eta 2019an argi hori ez itzaltzea eskatuko nuke, zerbait eskatzeko aukera izanez gero. Eta berdintasuna lortzeko malda gora honetan, nik martxoaren 8aren inguruan gizartearen esnatze moduko bat ikusi nuen, "nahikoa da" ozen esateko indar bateratu bat. Ea 2018tik erreskatatu ditudan bi irudi horiek aurrera egiten duten datorren urtean ere. Garza gehiago ere eskatuko nituzke, baina nonbaitetik hasi behar nuen zerrenda.