Taldea
Txikitan, eskolan, izugarrizko beldurra genion baztertua izateari, taldean onartua ez izateari, taldea norberaren kontra jartzeari. Taldea beldurgarria izan daitekeela ikasi genuen txikitatik. Ez zegoen ezer egiterik taldea kontra jarriz gero. Horregatik egin ditugu gure bizitzan batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago hainbeste ahalegin taldetik ez irteteko, taldeak ezarritako bideak jarraitzeko, taldeari eta taldeko lidergoa zuenari beti amen esateko.
Horregatik izan diogu beti miresmena eta aldi berean beldurra taldeari. Agian horregatik diot hainbesteko gorrotoa taldean gizabanako baten kontra egiten diren erasoei. Taldearen nagusitasun horrek, bakarrik dagoenaren indefensio horrek, eskola guztietako patioetan ezagutu ditugun matoi-lider horiek gogorarazten dizkidatelako agian, edo eskola guztietan, gela guztietan, gimnasio eta patio guztietan hain gaizki pasatu duten hamaika umeren sufrimendua gogorarazten didatelako.
Taldearen indarra izugarria da. Eta indar hori txarrerako erabili daiteke, indefensio egoeran dagoen bati eraso egiteko, San Ferminetako talde bortxaketa nazkagarrian gertatu bezala, adibidez, edo aste honetan bertan Gasteizko fakultatearen inguruan aurpegia estalitako pertsona talde batek ikasle bati egindako eraso onartezinean bezala. Horrelakoetan taldeak beldurra ematen du.
Baina taldearen indarra onerako ere erabili daitekeela ikusi dugu hainbat alditan. Urrunago joan gabe, Euskaraldiak erakutsi berri digu talde-lana dagoenean, taldean lan egiteko borondatea dagoenean, oztopoen ertzak lausotu egiten direla, eta bidea leundu egiten dela.
Horrelakoetan, miresmena diogu taldeari, gizabanakoen batuketaren ondorioz sortzen den indar biderkatzaileari. Taldearen indarra handia baita eta indar eta ahalmen horren ondorioz miresmen handiena eta, aldi berean, beldur sakonena eragiteko gai da.