Telebistan zegoen, EITBko estudioetan, elkarrizketa bateko galderei erantzunez, Jon Garaño. Berarekin batera Handia filma zuzendu eta idatzi duen Aitor Arregi zegoen eta baita ere bi aktore nagusiak, Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga. Eta halako batean Altzoko erraldoiari buruzko pelikula bat egiteko ideia nondik etorri zitzaien galdetu zietenean, Garañok gogoratu zuen berak eskolarekin txikitan bisita egin zuela hari buruzko erakusketara, eta barne-barnean geratu zitzaiola grabatuta istorio hura. Pertsonai hura. Bat batean Jon Garaño ikusi nuen umetan. Eta pentsatu nuen eskolarekin erakusketa hura ikustera joan izan ez balitz agian ez lukeela inoiz pelikula egingo. Eta gu Handia bezalako filma ederra ikusi gabe geratuko ginatekeela.

Gure aurrean zinemagile bat edo idazle bat, edo beste edozein eremutan nabarmendu den pertsona bat ikusten dugunean, gutxitan pentsatzen dugu inoiz haur bat izan zela. Ken Robinsonek duela urte batzuk emandako TED hitzaldi entzutetsu hartan (Do schools kill creativity?), adibidez, esaten zuen inork ezin duela imajinatu Shakespeare zazpi urterekin eskolan. Eta hala eta guztiz ere, Shakespeare ume bat izan zen inoiz, eta hizkuntza eta literatura irakatsiko zion irakasleren bat izango zuen.

Batzuetan ez diegu duten garrantzia ematen neska-mutilentzako antolatzen diren ekimenei. Denbora pasa bezala ulertzen da askotan, baina pentsa dezagun margolari handi bat, adibidez, agian txikitan museo batera egindako bisitaldian maitemindu zela pinturaz; edo idazle handi izatera heldu den idazle bat, inoiz eskolara eraman zuten idazle baten hitzaldiari esker hasi zela idazten; edo...

Herri batek kalitatezko kultura sortzeko, beste gauza askoren artean, kulturari beharrezko balioa eman behar dio eremu guztietan, baita, eta bereziki, neska-mutilak sozializatzen diren eremuetan: eskola, familia, komunikabideak Gauza handiak sortzea nahi badugu, gauza handiez hornitu behar ditugu atzetik datozenak.