Etxeko lanen ardura modu orekatuan banatzen dute Loreak eta Mikelek. Arropak eskegi, komuna garbitu, erosketak egin... Batek zein besteak egiten dituzte lan horiek. Seme-alaben zaintza ere bion esku dago: umeak eskolatik jaso, etxerako lanekin lagundu, arropak erosi, atzazkalak moztu, orrazi estuarekin zorriak kendu Biek egiten dituzte lan horiek. Kanpotik begiratuta, bikote perfektua dira. Biek ateratzen dute gainera denbora kirola egiteko edo lagunekin afaltzera joateko, bestea umeekin geratzen den bitartean.
Baina Lorea nazkatuta dago. Bai, badaki gutxi direla oraindik Mikelen antzera lan horiek guztiak emakumeen neurri berean euren gain har-tzen dituzten gizonak (bere lagun batzuen bikote gizonen jarrera ikustea besterik ez dauka hala dela egiaztatazeko), baina nazkatuta dago, adibidez, beti entzun behar duelako "zuk bai zortea" bezalako esaldiak; edo "ez zara kexatuko"; edo "gaur behintzat emango diozu gizajoari atsedena", berak Mikel morroi baten an-tzera berari ez dagozkion lanak egitera behartzen balego bezala. Deseroso sentitzen da bere bikotearekin beti zorretan egon behar duela sentiarazten diotelako etengabe.
Eta Mikelek berak ere badaki. Badaki eredugarria dela bere jarrera, badaki politikoki perfektua dela, iragarki batean agertzeko modukoa, baina jakin badaki ere tenisean bezala berak bentaja duela joko honetan, abantaila duela, Lorea beti egongo delako zorretan berarekin.
Kanpotik begiratuta bikote perfektua da, baina perfektu izatearen meritu guztia Mikeli ematen diote denek. Baita Loreak berak ere bere baitan, nahiz eta objektiboki biek meritu bera dutela sinetsi nahi duen. Eta horrek haserretzen du: bikote perfektuarekin etengabe zorretan senti-tzea, eta bere bikote perfektuak etxeko lanen bat egiten duen bakoitzean entzulegoak txalo zaparrada botatzen duen bitartean, bera protagonista denean isiltasuna izaten dela nagusi.