Une batez Larry Bird etorri zitzaidan burura, Celtics taldeko kamiseta berdea jantzita hiruko bat jaurtitzen. Baina ez. Gizon ilehori hura Donald Trump zen, Estatu Batuetako presidentea. Puerto Ricoko biztanleei paper-biribilkiak botatzen ari zen, baina ez edonola, NBAko saskibaloi jokalari baten estiloa erabiliz baizik: jaurtiketa loratuz eta eskumuturrari eraginez, jaurtitako objektuak airean bueltak eman eta uztaia ukitzean errazago sartzeko intentzioaz.

Errazago sartzea. Agian hori da azken aldian ikusten ari garen ekintza eta deklarazio politiko bidegabe askoren muina eta helburua. Errazago sartzea hiritarren buruetan. Eta horretarako ez dago ezer hobeagorik, antza, diskurtsoa arintzea baino, edo hobe esanda, diskurtsoa hustea baino: Twitterreko txio batean bihurtu, egunkariko titulu batean, telebistako albiste baten ahots tarte batean; denbora gutxian azaldu daitekeen zerbaitetan, jendeak tabernetan ebaki bat hartu bitartean bere diskurtsoa azkar eraikitzen lagunduko dion esaldi irmo batean, edo mila hitz baino balio gehiago omen duen irudi batean. NBAko jokalari ohiaren imitatzailea ikusi dudan egun berean, ikusi dut baita ere Espainiako erregea (barka, hasieran printzea idatzi dut). Eta iruditu zait Trumpen keinu komikoa imitatu duela nahi gabe. Berak tonu serio, desafiatzaile eta mehatxaria erabili nahi zuen, baina, haren diskurtsoaren atzean benetako indarkeriaren itzala egongo ez balitz, esango nuke komikoa geratu zitzaiola tonua. Bere benetako intentzioa sare sozialetan sortu diren bere irudiaren memeak eragitea balitz bezala, absurduaren trending topic izatera heldu arte.

Larry Bird saskibaloi jokalari handia izan zen. Maila horretara heltzeko asko entrenatu behar izan zuen dudarik gabe. Trump eta Felipe VIa ere seguru aski asko entrenatzen dira euren irudi aholkularien laguntzarekin, baina ez lukete ahaztu behar ez dela gauza bera jaurtitzailea izatea edo franko-jaurtitzailea. Euren jaurtiketen ondorioak ez direla Larry Bird handiaren jaurtiketek zituztenak modukoak, oso ezberdinak baizik.