Armairuan nituen jaka, praka, alkandora, gona, jertse guztiak ohe gainera bota ditut. Gaur garbiketa eguna da. Armairua irekitzen dudan bakoitzean sentsazio kontrajarri bera daukat: zer jantzi erabaki-tzerako orduan arropa gutxi daukadala uste dut, baina arropa guztiek okupatzen dutena ikusirik pentsatzen dut arropa gehiegi daukadala. Ordenatzen hasten naizen bakoitzean pentsatzen dut arropa zaharrak baino ez ditudala, eta ohe gainera atera ondoren berriz armairura sartzen ditut haietako asko nahiz eta badakidan ez ditudala gehiago erabiliko. Baina badaezpada, badakizue. Eta konturatzen naiz arropa guzti haiek ez dutela lekua bete-tzen nire armairuan bakarrik, baita nire buruan ere. Eta berdina gertatzen zaidala etxean ditudan traste guztiekin, baita liburu batzuekin ere. Badaude bizitza osorako gordeko ditugun liburuak, baina badaude beste asko behin irakurrita, gehiago irakurriko ez ditugula jakinda ere, han gordetzen ditugunak. Eta hauek ere gure apaletan lekua betetzeaz gain, gure bizitzetan ere betetzen dute lekua.

Beraz, San Joaneko gauak berarekin batera garbiketa errituala dakarren modura, nik ere erabaki dut garbiketa egitea, eta erabiltzen ez ditudan gauza guztiak bota edo oparitzea. Julio Cortazarrek esaten zuen bezala, "si te regalan un reloj, no te regalan solo un reloj, te regalan la necesidad de darle cuerda todos los días, la obligación de darle cuerda para que siga siendo un reloj". Ba berdina gertatzen da gauza guztiekin, haiek gordetzearen ardura, haientzako lekua topatzearen ardura dakartela beraiekin. Eta pentsatu dut, behin gauzekin hasita, bestelako garbiketa ere egiteko aprobetxatu behar dudala. Agian, inertzia hau aprobetxatuko dut nire barruan dauden hainbat gauza garbitzeko: nik konpondu ez ditzakedan hainbat arazoek nire buruan eragiten didaten kezka; beste batek egindakoagatik nire barruan sortutako haserrea; edo besteek esango dutenagatik askotan sortzen zaidan ezinegona. Alaporai. Gaur garbiketa eguna da eta.