Txikitatik erakusten digute zer ez dugun egin behar. Mugak non dauden, non jartzen dizkiguten, da txikitan ikasten dugun lehen lezioa: ez ezazu ukitu hori, ez ezazu jan halakorik, ez egin garrasirik, ez ezazu inor jo, ez egin negarrik, ez saltorik egin ohearen gainean Eta behin gure mugak non dauden neurtzeko gai garenean, orduan zer egin behar dugun ikasteko moduan omen gaude. Bizitzan jende askorengandik hartzen ditugu lezioak, baina batzuek beste batzuek baino gehiago erakusten digute. Eta zer egin behar ez dugun esaten digutenek zenbait gauza garrantzitsu erakusten badizkigute ere, esango nuke irtenbideak eta ereduak eskaintzen dizkigutenengandik askoz lezio pozgarriago eta aberasgarriagoak jasotzen ditugula. Batzuek etengabe esaten digute zer ez dugun egin behar, baina ez digute esaten zer egin daitekeen hobetzeko. Beste pertsona batzuek, aldiz, aukerak jartzen dizkigute mahai-gainean. Batzuetan nahikoa da euren ekin-tzekin, guretzat eredu bihurtzen direlako. Baina beste batzuetan erantzunak baino zerbait balio-tsuagoa oparitzen digute: gure buruan galdera berriak sortarazten dizkigute. Honela, pertsona hauek gure kabuz pentsatzen eta ordura arte genituen segurtasun asko kolokan jartzen erakusten digute. Eta hau ez da oztopo bat, opari bat baizik. Horrelako pertsonak dira guregan arrasto handiena uzten dutenak. Gure aurrean ikusten dugun zerumuga zabaltzen laguntzen digutelako, gauzen konplexutasunen berri ematen digutelako, arazoak perspektibaz begiratzen irakasten digutelako, gure espiritu kritikoa zorrozten dutelako eta haiei esker konturatzen garelako beti dagoela beste begirada bat, mundua ikusteko beste modu bat, gureaz gain.

Azken urteetan honelako pertsona baten alboan lan egiteko aukera izan dut. Maistra zoragarria izan da bai laneko kontuetan eta baita lanetik kanpoko gaietan ere. Orain erretiroa hartzea erabaki du eta ez dakit oso kontziente den berarekin lan egin dugunok jaso dugun legatuaz, utzitako arrastoaz. Izan ere, oraindik presente ditugu txikitan ezarri zizkiguten muga guzti horiek, baina ikasi dugu zerumuga zabaltzea beti dela posible. Eskerrik asko Ana, urte hauetan erakutsitako guztiagatik.