Hilero biltzen dira. Hilero aukeratzen dute liburu bat, bakoitzak intimitatean irakurtzen duena. Eta ondoren, liburuak barruan utzi dien arrastoa beraientzako bakarrik gorde beharrean, liburu bera irakurri duten beste hainbat pertsonekin bildu, eta han elkar banatzen dituzte euren iritziak, euren sentsazioak, liburua irakurtzen piztu zaizkien emozioak Irakurketaren bizioa duten pertsonak dira, erretzaile sutsuak kea nola, liburuen orriak horrela irensten dituztenak.
Azken hamarkadan asko hazi da Euskal Herrian irakurle kluben fenomenoa. Hiri eta herri askotan sortu dira irakurtzea maite dutenen taldetxoak. Eta hamar, hamabi, hamabost pertsona horiek aberastu baino ez dira egiten halako bileretan, izan ere, liburu berak emozio eta iritzi ezberdinak sortzen baitizkie irakurle bakoitzari. Eta han egiaztatzen dute, besteak beste, liburu batek esanahi ezberdinak hartu ditzakeela, nork, noiz eta zein egoeratan irakurtzen duenaren arabera. Irakurle bakoitzak bere bizitzan gertatu zaion guztia eta bere bizitzan ikasi duen guztia daramala irakurketa horretara, nahiz eta modu ez kontzientean egin. Eta liburu bat irakurle bakoitzak egiten dion irakurketarekin aberasten dela, eraldatzen dela, osatzen dela. Horregatik liburu beraren irakurketa ezberdina egiten dugu pertsona bakoitzak ere liburua garai ezberdinetan irakurtzen dugunean. Hogei urterekin irakurri eta ezer esan ez zigun liburu hark, sekulako esanahia hartu dezake guretzat berrogei urterekin irakurtzen dugunean.
Aste honetan bertan halako irakurle klub batean izan naiz eta kontuan izanda idazlearen lana oso bakartia dela, benetan da aberasgarria da irakurleekin halako harreman zuzena edukitzeko aukera izatea. Baina horren gainetik, aberasgarriagoa da egiaztatzea oraindik badaudela irakurketaren bizioa duten hainbat pertsona, eta zirraragarria da benetan zuzenean ikustea nola pizten zaizkien begiak azken aldian irakurri dituzten liburuak ba-tzuk besteei gomendatzen dizkietenean. Horregatik gaurkoan eskerrak eman nahi dizkiet irakurle klubak antolatzen dituztenei, eta bereziki, hauek posible egiten dituzten irakurle biziotsuei.