Bilbotik. Gasteizera nentorren, lineako autobusean. Nahiko berandu zen, gaueko bedera-tziak inguru. Kanpoan ilun zegoen, eta autobusaren barnealdekoa ere nahiko giro iluna zen. Ba-tzuk erdi lo zetozen, beste batzuk mugikorrei begira, eta nire alboko gizona eta ni liburu bana irakurtzen geunden, gure gainean zeuden argitxo txikiak piztuta. Esan daiteke nahiko giro intimo edo goxoa zela autobusekoa. Isiltasuna zen nagusi. Gidariak ez zuen musika jarri, ez zuen irratiko kirol saiorik sintonizatu. Ondo. Lasai gentozen. Halako batean gure atzealdean zegoen emakume batek telefonoa hartu eta lagun bati deitu zion. "¡Hola cariño!". Bere lehen bi hitzen bolumenak eta tonuak asaldatu gintuen denok. Burua altxatu genuen liburuetatik, mugikorretatik... erdi lo zetozenek begiak ireki zituzten. Liburutegi batean norbait barre algaraka hasi balitz bezala, halako efektua izan zuten emakumearen lehen hitz gogotsu haiek. "Qué tal cariño, nada, que voy en el bus, y he pensado voy a llamar a Esme, a ver qué me cuenta...". Elkarrizketa autopistako Aretako sarreran hasi zuen gutxi gora behera. Autopistako Altubeko irteeran oraindik berbetan zegoen, eta ez zuen elkarrizketa eten autobusa Gasteizeko lehen semaforoan gelditu zen arte. "Nada, Esme, que ya llego, cuídate guapa, no vemos mañana". Ordurako bagenekien denek arropa denda batean egiten zuela lan, bere nagusiarekin arazoak zituela, poltsa bat erosi berri zuela Bilbon eta Esme bere lankidea zela eta hurrengo egunean ikusiko zuela berriz. Nik, noski, ezin izan nuen eskuetan neraman liburuaren paragrafo bakarra irakurri eta ingurura begiratuta argi antzeman nuen gainontzekoen haserre keinua. Hala ere, elkarrizketa bukatu zuenean, ez zion inork ere ezer esan emakumeari. Hortaz, ez zen konturatu ere inor gogaitu zuenik. Hurrengo egunean, Trumpen irudiak ikusi nituen telebistan, bere azken erabakien berri ematen zegoen. Haren ahotsak eraso egin ninduen, eta ez dakit zergatik aurreko egunean autobusean telefonoz aritu zen emakume hura gogoratu nuen. Hura bezala, EEBBtako presidentea ere nire intimitatean sartuta neukan. Barne barneraino. Eta haren ahotsa entzun bitartean ezin nuen ezer egin. Ez irakurri, ez pentsatu, ezta lasai egon ere. Zain geratu nintzen pantailari begira. Bidaia hura noiz amaituko zen zain.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
