Semeari lasai egoteko eskatzen diodanean, begiratzen didan moduagatik sentiarazten dit nire urduritasunak eragin duela haren ezinegona. Nire alabari garrasirik ez egiteko eskatzen diodanean, batzuetan ondoren konturatzen naiz ni izan naizela lehena garrasi egiten. Zalantzarik gabe, nik egiten dudanak eragina izaten du nire inguruan. Horregatik pentsatu nahi dut, onerako denean ere hala izan daitekeela, hau da, nik nire bizitzan zerbait hobetzen dudanean, zerbait hobe-tzen dela baita ere nire inguruan. Gero eta lasaiago egon, gero eta lasaitasun gehiago lortuko dut inguruan; gero eta alaiago egon, gehienetan inguruko giroa ere alaiagoa izaten lagunduko dut. Gure egoerak eragin handia du gure inguruan sortzen den giroa hobetzeko orduan, edo beste modu batera esanda, bakoitza bere inguruko airearen kalitatearen arduraduna da neurri handi batean. Gizarte honek dituen arazo larrien aurrean, ohikoa da pentsatzea gure txikitasunean gutxi egin dezakegula ezer aldatzeko. Eta egia da ez dagoela gure eskuetan mundu hau konpon-tzea. Ez guztiz behintzat. Baina badago egin dezakegun zerbait, badaukagulako gure egunerokoak diren inguruak aldatu, hobetu, eraldatzeko ahalmena.
Ezinezkoa da nik bakarrik edo zuk bakarrik arrazakeria bezalako arazo bat konpontzea, baina posible dugu ezagun batek egindako komentario arrazista bat pasatzen ez uztea eta haren kontra gaudela adieraztea, gure arrazoiak azalduz; ezinezkoa da nik edo zuk bakarrik gure gizartean ematen diren emakumeen kontrako eraso onartezinak ekiditea, baina posible dugu gure semeei (ilobei, ikasleei ) erakustea emakumeek (eta pertsona guztiek) errespetua merezi dutela, edo posible dugu emakumeen askatasuna eta duintasunaren kontrako jarrerak publikoki salatzea, besteak beste. Gutxiago edo gehiago, baina badugu boterea. Eta gainera, oraindik boteretsuagoak sentitu gaitezke kontuan hartzen badugu botere txiki asko elkartzen direnean, korronte indar-tsu eta arriskutsuena geldiarazteko gaitasuna izan dezaketela. Ba horixe. Ez garela boteretsuak, baina boterea eduki badaukagula.