Nire amonak esaten zuen hitzak oso merkeak direla. Erraza dela edozer esatea eta, aldiz, zaila egitea. Hitz batzuk erabili ahal izateko ordaindu beharko genukeela esaten zuen amonak. Ogerleko bana hitz bakoitzeko. Horrela jendeak ez lituzkeela edonola erabiliko hitz sakratu batzuk. Amonak ez zidan sekula esan zeintzuk ziren hitz sakratu eta garesti horiek, baina gaur egungo edozein eztabaida entzutean, berdin zait tabernan, telebistan edo Legebiltzarrean, beti agertzen da norbait nire amonak esaten zuena gogorarazten didana. Beti dago norbait hitzaren mamia hustu eta puxika baten antzera airera botatzen duena. Hitzek beraiekin dakarten pisua ahaztu eta sekulako arinkeriaz airera botatzen dituena, hitz bakoitzak atzetik dakarrena kontuan hartu gabe bezala.

Zenbat hitz hustu ditugun horrela... Askatasuna hitza adibidez. Berdin erabili dezake alderdi politiko batek bere mitinean edota autoen marka batek bere azken iragarkian. Demokrazia. Hain gauza ezberdinak defendi-tzeko erabili izan da hitz hori, ezen gaur ia ahaztu egin zaigu bere benetako esanahia.

Gaur, azaroaren 25a da, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Eguna, eta gaurko egunez, zorionez, hainbat jenderen ahotan entzungo dugu emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidearen aldeko aldarrikapena. Zorionez diot, indarkeria sexistaren kontrako lehen pauso garrantzitsua baita asmoak hitz bihurtzea. Baina horrez gain, lelo hori erabiltzen dugun pertsona bakoitzak barneratu beharko genuke hitz horiek ez direla hutsak, hitz horiek bere barnean karga astuna daramatela, hitz horiek erabiltzeak derrigorrez behartzen gaituela gure egunerokoan berdintasunaren aldeko jarrerekin konpromisoa hartzera. Ematen dugun pauso bakoitzean, egiten dugun keinuetan, gure atzetik datozenei erakusten dizkiegun ereduetan. Eta horrela ez bada, agian ez legoke gaizki zenbait hitz erabiltzeagatik ordaindu behar izatea. Ogerleko bana hitz bakoitzeko gutxienez, nire amonak esaten zuen bezala.