Batzuetan dena galduta dagoela pentsatzen du Lidiak. Bere seme alabak Disney Channeleko produktuak irensten ikusten dituenean, guda galdu duela pentsatzen du. Etsita geratzen da. Ez dago zereginik. Korrontearen indarra handiegia da egunero haren kontra eginez arrakasta lortzeko. Eta oso neketsua da gainera. Txiki txikiak zirenetik ahalegindu da balio batzuk transmititzen, eta bat batean Disney Channelek gauetik egunera denak suntsitu dituela sentitzen du. Bere seme-alabek ikusten dituzten serie horietan ikasten dute garrantzitsuena arrakasta izatea dela eta horretan ere ez dela berdin, inolaz ere, neska ala mutil izan. Mutilek euren trebetasun edo abileziengatik lortzen dute arrakasta (kirolari onak direlako, adibidez), eta nesken arrakasta beti dago harremanetan haien itxura fisikoarekin edo besteak seduzitzeko duten gaitasunarekin. Mutilak aktibo agertzen dira, gauzak eginez, erabakiz Neskak, gehienetan, jarrera pasiboan: mutila harengana noiz gerturatuko den zain, adibidez.
Bere seme-alabak egunero pozoia nola irensten duten ikusten duenean larritu egiten da Lidia, eta saiatu da kate hori etxean galarazten baina erraz aurkitzen dute antzeko beste kanalen bat, epidemia zabalduta baitago produktu guztietan, iragarkietan Zer egin orduan? Berak ezin du mundua aldatu, berak ezin du ekidin bere seme-alabek gaur Disney Channel eta bihar Mujeres y hombres y viceversa bezalako programak ikustea. Sistema erraldoi horri ezin dio berak bakarrik aurre egin, baina gertu dituen seme-alabengan produktu horiek duten eragina eraldatzen badu zereginik. Hori da bere eragin eremua.
Duela hilabete erabaki zuen zer egin. Seme-alabak telebistaren aurrean esertzen diren bakoitzean haien alboan jartzen da eta han ikusten duena interpretatzen du, hizkuntza itzultzailea balitz bezala. Fikzio horren azpian dauden mezuak ikustarazten dizkie. Nazkatuta ditu seme-alabak. Orain, Disney Channel jartzen duten bakoitzean, amaren sermoiari aurrea hartzen diote. Badakite amak egoera bakoitzean zer esango duen. Lidiak orduan sentitzen du zerbait aurreratu duela. Bakoitzak bere estrategiak bilatu behar ditu, bere eragin eremuan, pentsatu du, afaria prestatzen duen bitartean.