Arias Cañete ikusi dut Gasteizko eskola bateko atarian. Bueno, ez dut Cañete bera ikusi, bai bere aurpegiaren irudi erraldoi bat kanpainako furgoneta batean itsatsita. Eta txikitan esaten zigutena gogoratu dut: klasetik irtetean gizon batek gozokiak eskaintzen badizkizu, irten korrika. Ez dakit furgonetakoek gozokiak oparitzen zituzten ala ez, baina bai PPko globoak. Eta nire buruaren alde arrazionalak ezer pentsatu aurretik, nire alde emozionalak esan dit umeei eskolako atarian alderdi politiko baten globoak banatzeak baduela kutsu lizun bat. Agian horregatik etorri zait burura umeei gozokiak eskaintzen dizkien gizonaren irudia.

Nik ulertzen dut alderdiek presente egon nahi dutela kalean, baina badaude zenbait marketing estrategia alde batera utzi beharko lituzketenak, eta globoena horietako bat da. Lehenik eta behin, tentsioa sortzen dutelako gatazkarik ez zegoen lekuan. Demagun: aita alabarekin irten da eskolatik eta boteprontoan globoen tranpa aurkitu du aurrez aurre. Alabak globo bat nahi du, aitak bere ametsgaizto txarrenean ere ez luke eramango gainean alderdi horren publizitate ikurrik. Alabak globoa nahi duela, aitak ezetz, ezta pentsatu ere. Alaba negarrez hasi da, aita haserre dago... Eta abar. Bakea zegoen lekuan, gatazka, arazoa.

Bestetik, kanpaina bat gaur egun hainbat lekutan egin daiteke: telebistan, egunkarietan, Interneten, irratian, markesinetan, paperezko serbilletetan... Umeak bakean utzita ere egin daiteke oihartzuna izango duen kanpaina bat. Eta azkenik, alderdi politikoek kontuan izan beharko lukete ez zaiela batere komeni hiritarrek alderdia globoen irudiarekin erlaziona-tzea, zeren denok dakigu zein puztuta egoten diren globoak lehen egunean, eta nola galtzen doazen indarra egunek aurrera egin ahala, azkenean zimurtuta eta erdi hutsik ohe baten azpian ahaztuta geratzeko. Airea saltzen ez dabiltzala erakutsi nahi badute behintzat, albo batera utzi beharko lituzkete globoak.