Ez dakit noiztik dudan joera hori, agian txikitatik egin dudan zerbait da. Barraketara joan, eta noriaren argiekin edo karruselaren jira-birarekin liluratuta geratu beharrean, nire begiek barraketako atzealdera egiten zuten beti ihes, karabanak zeuden aldera, eta han ikusten nuen emakume bat karabana artean arropak eskegiten edo agure bat zigarroa erretzen aulki tolesgarri batean eserita. Gauzen atzealdea ikusteko joera izan dut beti; argia eta distiraren aurretik, itzala ikustekoa. Gaur ere, zirkoko pailazoak barregura baino gehiago, errukia sortarazten dit, bere penak uxatzeko kamerinoan makillajea kendu bitartean whisky bat edaten imajinatzen baitut; edo kontzertu erraldoi horietako batera banoa, askotan kosta egiten zait dena ahaztu eta musikarekin gozatzea, ekitaldiko segurtasun arduradunak hura buka-tzeko izango duen gogoa imajinatuta; edo aldizkari batean luxuzko etxe baten barnealdea ikustean, harekin liluratuta geratu beharrean, nekatu egiten naiz guzti hura garbitzeko beharko den lanaz pentsatzeaz, edo han bizi den familiak herentziagatik izan ahal dituzten liskarrak imajinatuta.
Duela gutxi Port Aventuran izan nintzen seme-alabekin. Heldu bezain pronto, gorantz begiratzeko eskatu nion seme nagusiari. Errusiar mendi erraldoiaren aurrean nire semeak erakutsiko zuen sorpresa eta emozio aurpegia ikusi nahi nuen. Baina semeak erantzun zidan: kable horietatik hau dena funtzionatzeko behar den elektrizitatea doa. Ikusi zuen lehen gauza kable batzuk izan ziren, errusiar mendia baino lehen. Itzala, argia eta distiraren aurretik. Kezkatu egin nintzen, semeari gauzen atzealdea ikusteko joera transmititu diodala pentsatuz, eta erabaki nuen ez dela bidezkoa umeari ilusioa izateko eta amets egiteko eskubidea kentzea. Ondorioz, ez dakit zenbat atrakziotara igo nintzen berarekin, eta, behingoz, oihuka eta barrezka, izugarri gozatu nuen, ume baten antzera. Primeran pasatu genuen, baina nire semeak arraro begiratzen dit oraindik.