Neska parkeko bankuan dago eserita. Mutila zutik dago, bere aurrean. Eztabaidan ari dira. Baina ez daude maila berean. Neska behean dago, eserita, eta bere mutil lagunari erantzuten dionean, burua jaisten du, esandakoarekin mutila oraindik gehiago haserretzeko beldurrez bezala. Mutilak goitik begiratzen dio, ez dio bista gainetik kentzen, eta une oro ari da neskari zerbait aurpegira-tzen, haserre.

Eztabaidan ari diren bi gazte dira. Mutila jeloskor dagoela ematen du. Mutilak egiten dizkion akusazioetatik defendatzen ari da neska, ahal duen bezala. Entzuten dudanagatik, beste mutil batekin harremanetan egon izana aurpegiratzen dio mutilak. Neskak ezetz, ez daukala mutil horrekin ezer, lagun bat besterik ez dela. Mutilak baietz, irakurri dizkiola mugikorrean dituen azken mezuak. Puta bat dela esan dio, oihuka, eta gogoratu dio behin baino gehiagotan esan diola ez hitz egiteko gehiago mutil horrekin, badakiela ez zaiola gustatzen. Neskak gero eta beherago du burua.

Eztabaidan ari dira. Baina ez dira maila beretik hitz egiten ari. Mutilak zauritutako arraren posiziotik hitz egiten du, ezin du ulertu bere neskak beste mutil batekin harremanean hasteko izan duen ausardia. Bere gizontasuna jokoan dago. Neskak bere jarrera etengabe defenditu eta justifikatu behar duenaren posiziotik hitz egiten du, egin duena ez dagoelako ondo. Bere jarrera defendatzen saiatzen bada ere, berak barneratua baitauka lagun batekin txateatzen ibiltzeagatik duen errua. Gaztetxoen gauzak dira, esango luke batek handik pasatzean. Bihotzaren kontuak. Baina ez. Ez dira maitasunaz ari. Beste gauza batzuk ari dira azaleratzen eztabaida horretan, txikitatik ikasi dituzten hainbat balore era sinesmen daude hor: emakumeek gizonen esanetara egon behar dutela, behin mutil lagun bat izatean, ezin duzula harremanik izan beste mutilekin, hitz batean, "emakume batengandik espero dena" egin behar duzula.

Neska eta mutil bat eztabaidan ari dira, baina ez daude maila beretik hitz egiten. Mutila goian dago. Neska behean.