haurren urtebetetze batean nago, askotan ikusi dudan eszenaren aurrean. Urteak bete dituen neskatoak urduri ireki ditu opari guztiak, bata bestearen atzetik. Dinamika hau da: bat, oparia ireki; bi, gain begirada bat bota; eta hiru, albo batera utzi beste bat irekitzeko. Paperean bildutako oparien aurrean neskatoa urduri jarri da, baina behin opariak irekita, plof, hor amaitzen da urduritasuna, jakin-mina, poza. Irekitako opariei funtzionarioak txosten teknikoari bezala begiratzen dio, halako ilusioz, halako gogoz. Ilusio gehiago dago oparia erosi dutenen begietan.
Gozo-eltze bat ipini dute, eta umeak korrika joan dira soketatik tira egitera, pozik, gogotsu. Gozoen zakua apurtzean, batzuk jaso dituzte, baina gero lurrean utzi dituzte hainbat gozoki, piruleta eta txikle. Zerbait lizuna dago lurrean geratutako goxokien irudian.
Umeak kontsumoak gaindituta daudela ikusten dudanean zerbait gaizki egiten ari garenaren sentipena izaten dut: telebistako iragarkiek pozoindurik ikusten ditudanean edo euren sor-tzeko gaitasuna ezabatuta merkatal guneetan igarotako asteburuekin. Low cost urtebetetzeak berreskuratu beharko genituzke. Gozo-eltzearen ordez, zakuen lasterketa bat antolatuz; edo koilara gainean arrautza jarrita ahoan sartu eta korrika eginez. Urteak bete dituen umeari gurasoek urtean zehar desiratu duen opari bat egitea gustatuko litzaidake, eta lagunen opariak marrazki bat, eskulan bat edo abesti bat izatea.
Bizi dugun krisi ekonomikoak ondorio latz asko ditu. Baina agian izan daiteke aukera bat inertzia kontsumista batzuk alde batera uzteko eta argitzeko aisia eta kontsumoa ez direla gauza bera. Ados, ekonomia berpizteko erosi eta saltzea beharrezkoa da, eta ez naiz ezer erosi gabe bizitzeaz hitz egiten ari: erosteaz gain gauza gehiago egiten jakiteaz ari naiz, edo modu arduratsuagoan kontsumitzen ikasteaz. Argi baitaukat ume bat gehiago poztu daitekeela itsumandoka jolasten, Monster High panpinen azken modeloa eskuratzen baino.