BI ama parkean. Baten alaba gora eta behera dabil txirristan, gelditu gabe. Amak haren atzetik ibili behar du une oro, oraindik txikia baita eta min egin baitezake. Bestearen semea, aldiz, geldi-geldirik dago. Aulkian eserita batzuetan, eta amak esaten dionean, zabura gerturatzen da kulunkatzeko. Geldirik ez dagoen neskatoaren amak zortea duela esaten dio besteari, benetan seme ona duela, esanak betetzen dituena, gozamena dela ikustea, hain geldi, hain formal. Berak, aldiz, gerriko mina duela, alaba ez baita geldirik egoten, beldurrik ez duela, eta edozein lekutik botatzen duela bere burua. Eta zaratatsua dela gainera, edozer gauzagatik protesta egiten duela, eta negar.
Zaratarik egiten ez duen umearen ama, baina, kezkaturik dago. Halako umea edukitzea erosoago dela onartzen badu ere, bestearen alabari begiratuta, inbidia sentitzen du, hark erakusten duen bizitasuna, poza eta kemena nahiko lukeelako bere semearentzat. Nahiz eta gerriko minarekin bueltatu behar gero etxera. Nahiago luke.
Madrileko istiluen ondoren, Mariano Raxoik Espainiako gehiengo isila goratu du, zaratarik egiten ez duena, protestetan parte hartzen ez duena, inoiz kexurik azaltzen ez duena. Istiluetan parte hartu zutenen aurrean, isilak gehiengoa direla esan du Espainiako presidenteak, eta krisitik irteteko eredu bat direla.
Hor dago koska. Gizarte bat eraikitzea eta seme edo alaba bat heztea ez da hain gauza diferentea. Kontua da zer nahiago dugun: geldirik dagoen gizarte bat, zeinetan agintariek nahi dituzten erabakiak eroso eta oposiziorik gabe hartu ditzaketen; ala gizarte bizi bat, protesta egin behar duenean protesta egiten duena, agintariei gerriko eta buruko mina eragiten badie ere.
Niri bizi-poza ematen dit parkean korrika eta zarataka dabiltzan umeak ikustea. Eta badakit zer den etxera gerriko minarekin bueltatzea. Baina nahiago horrela izatea.