Nire aitak Santiago Carrilloren modura erretzen zuen. Ertzetik baino, ia erdialdetik heltzen zion zigarroari, eta seigarren atzamarra ematen zuen Ducadosak haren eskuan. Hil zenetik, Carrillo telebistaz ikusten nuen bakoitzean, aita gogoratzen nuen, ez bakarrik zigarroari heltzeko moduan antza zutelako, aitari Carrilloren hitzak entzutea asko gustatzen zitzaiola gogoratzen dudalako baizik. Telebistan kongresuko oholtzara igota agertzen zenean, isiltzeko eskatzen zigun aitak seme-alaboi, eta zigarro beltza eskuan, ke artean, adi entzuten zituen haren hitzak.

Asteartean, Carrilloren heriotzaren berri izan nuenean, aita etorri zitzaidan berriz burura, eta aitarekin batera garai bat, nire haurtzarokoa. Bat batean, zuri beltzean ikusi nuen dena, lehenengo katea eta UHFa zuen telebista zahar baten barruan bezala. Urrun ikusi nuen, eta zigarroaren kea airean bezala, jada desagertutako garai bat dela pentsatu nuen.

Carrilloren heriotzaren berriarekin batera, Espainiako erregearen hitzak heldu zaizkit. Ez omen da Espainiaren batasunaren kontra egiteko garaia, ezta zauri zaharretan araka-tzekoa, ezta kimera edo ameskerien atzetik ibiltzekoa? Eta bat batean, antzinako hitzak direla sentitu dut, beste garai batekoak, NODOaren ahotsean entzun ditudala iruditu zait, edo papiro batean idatzita daudela. Carrillo hil den bezala, Estatu honetako egungo egitura hilzorian dagoela gero eta argiago gera-tzen ari den garai batean, erregearen hitzek naftalina usaina dute, armairu zahar batetik ateratako modaz pasatutako arroparena.

Urteekin, garai bateko lekukoak desager-tzen doaz, eta ate bat ixten da, beste berri bat irekitzeko. Gauza batean bakarrik asmatu du Juan Carlosek bere idatzian: une erabakigarrian gaudela, gero eta argiago baitaukagu kimera bat dela inori sinistaraztea Estatu hau herri bat dela. Erre usaina dago, eta ez da Carrilloren zigarro beltzarena. Antzinako papiroak dira, errauts bilakatuta jada.