EZIN genuen ulertu. Nola zen posible? Gure amak seme-alabon izenak nahasten zituen, bereziki haserretzen zenean. Baten izena esan aurretik, besteenak esaten zituen bata bestearen atzetik, azkenean asmatzen zuen arte. Barre egiten genion, eta, noski, ez genuen sekula pentsatu guri an-tzeko zerbait gertatuko zitzaigunik.
Atzo denda batean sartu nintzen edredoi bat erosteko asmotan, eta saltzailea inguratu zi-tzaidanean, edredoi bat eskatu ordez, "quería un albornoz", esan nion. Albornoz hitza atera zitzaidan edredón hitzaren ordez. Eta bat batean, konturatu nintzen, hemen dago, hau da nire amari gertatzen zitzaiona: nire buruan dantzan dabiltza hitzak, eta umeak aulki jokoan bezala, bat batean musika gelditzen denean, ahotik gertuen dagoen hitza ateratzen da, plast, oharkabean. Hitz egokia den edo ez hausnartu gabe.
Antzeko zerbait gertatzen zaigu egoera larri, tirabiratsu eta gogorretan. Norbaitek bikotearengandik banatzea erabakitzen duenean, adibidez, eta esateko unea heldu dela uste duenean, une horretan, urduritasuna eta tentsioa medio, bere ahotik irteten diren hi-tzak ez dira ia inoiz egokienak, hitz batzuek besteen lekua hartzen dute, eta hitz hutsalak baino ez dira irteten ahotik. Edo lagun bat betirako agurtu behar duzunean, zure sentimenduek urrezko lingoteen pisua badute ere, ahotik irteten zaizkizun hitzak bisuteriazkoak dira, euro erdikoak. Edo zure lagun bat negarrez hasten zaizunean lanetik kanporatu dutelako, adibidez, gauza asko esan nahiko zenizkioke baina zure ahotik hitz bakarra ateratzen da eta errosario baten moduan errepikatzen duzu etengabe: "lasai, lasai". Beste hitzik ezagutuko ez bazenu bezala.
Ez dut hitzik, edo hitzik gabe geratu naiz, esaten dugu askotan, honelako egoera baten aurrean. Gure burua jakintsua eta zuhurra da. Horregatik geratzen da askotan isilik: badakielako hobe dela etxera esku hutsik bueltatzea, behar ez genuen bainu-txabusina bat erosteagatik damututa baino.