eguneroko tragedia txiki batzuk handiak baino zailagoak dira irensten. Ezbehar handi baten biktima izanez gero (gaixotasun larri bat, maite duzun norbaiten heriotza, istripu bat...), minak shock egoerara eraman zaitzake, eta bizitzaren ikuspegia brastakoan aldatzera bultzatu. Baina badaude eguneroko tragedia txikiak, goizeko zortziretako kafea hartu bitartean bizitzari zentzurik ez aurkitzea, adibidez, gutxika inbaditu zaitzaketenak, zure lepoaren gainean jasanezinezko presioa egitera heldu arte. Eta horiek, lurrean itsatsitako txikle baten modura, oso zailak dira gainetik kentzen.
Tragedia handia lehergailua da eta suntsituta uzten zaitu. Baina utzik geratu den orubearen gainean eraikin berri bat eraikitzeko aukera ematen dizu, zerotik hastekoa. Eguneroko tragedia txikiek, aldiz, gutxika zulatzen dizute arima, tantaz tanta, eta kondena baten moduan eraman ditzakezu gainean bizitza osoan zehar, bizitza berri bat asmatzeko aukera eta espaziorik eskaini gabe.
Tragedia handi baten biktimak ingurukoen babesa jasotzen du, besarkadak eta arreta, sentitzen duen mina baretzen laguntzeko. Baina tragedia txikien biktimari ez zaio kexarik ere onartzen, bereak ez baitira benetako arazoak, hil ala bizikoak. Haiekin konparatuta, berea hondar ale bat baino ez baita.
John Cheever idazleak deskribaturiko hondar alearen antzekoak dira eguneroko tragedia txikiak: "Auto-suntsiketa bihotzean sartzen zaizunean, hasieran hondar ale bat baino ez da. Burukomin baten antzekoa, indigestio arin bat, infektaturiko atzamar bat; baina 8.20koa galtzen duzu, (?) aspaldiko lagunarekin bazkaltzera geratu eta honek zure pazientzia agortzen du eta atsegin agertzearren bi kopa hartzen dituzu, baina dagoeneko egunak galdu du zentzua. (?) Hau berreskuratzeko gehiago edaten duzu eta honek tontakeri bat egitera eramaten zaitu eta hurrengo goizean hilda egon nahiko zenuke. Baina amildegi horretara eraman zaituen bidea errepasatzen saiatzen zarenean, hondar alea baino ez duzu aurkitzen".