ume batek dorrea eraiki du koloretako kuboekin. Kostatu zaio, baina azkenean jarri du azken kubo gorria dorrearen puntan, kontu handiz. Une horretan beste haur bat agertu da eta ostikoa eman dio dorreari, kubo guztiak gelatik barreiatuz. Dudarik ez dago: apurtzea beti da eraikitzea baino errazagoa.
Berdin, barealdia dagoen tokian ekaitza sor-tzea erraza izaten da, zailagoa izaten da ekai-tza baretzea. Gure herriak garai berri bat hasi omen du, barealdia dator ekaitzaren ostean, baina zein zaila izaten den barealdiari eustea, bermatzea, zelako arretaz jarri behar diren kuboak bata bestearen gainean kolokan hasi ez daitezen. Esperientziak erakutsi digu nahikoa dela kubo bakar bat atzamarrarekin uki-tzea eraikin handia bertan behera botatzeko. Eta zenbat atzamar suntsitzaile dauden txikizioan laguntzeko prest.
Apurtzea sortzea baino zailagoa den modu berean, beti da errazagoa gezur bat defendi-tzea, egia baino. Egia beti da zailagoa azaltzen. Gezurra planoa da, irentsi erraza, "horrela da eta kitto" esateko aukera ematen dizu gezurrak, demagogia egitea errazagoa da gezurrarekin, hain da zuri, hain da beltz, hain da orbanik gabea. Egiak ertz asko ditu, egiari leku askotatik begiratu behar zaio azkenean agertu dadin, egiak kontuan izan behar ditu gaur gertatu direnak baina baita ere atzo eta herenegun gertatu zirenak; detaile asko izan behar ditu kontuan eta hauek azaltzeko gezurrak baino denbora eta leku gehiago behar ditu egiak. Egia ezin da edozein lurretan erein, gezurra, aldiz, belar gaiztoen antzera hazten da, edozein bazterretan.
Gezur bat egunkariko titular batean laburtu daiteke, egia ez. Horregatik esaten dute gezurra beti titularrek, gezurrik esan gabe ere gezurra esaten dute, lerro batean ez delako egia sartzen. Komunikabideak irentsi errazeko produktuak bilakatzen doazen heinean, hauetan egia aurkitzea lur dardaratiaren gainean dorre bat eraikitzea bezain zaila bihurtzen ari da.