nire artikuluetan agerian geratzen omen da ama naizela. Hala esan zidan aurrekoan ezagun batek. Eta nik ulertu nion nire artikuluetan ageriegi geratzen dela ama naizela, hau da, nire artikuluei larritu arteko platano eta gaileta usaina dariela, halako inbasio baten biktima banintz bezala; nire umeak uretako pistolaz hornituak nire mundu profesionaletik bahitu eta euren eremura eraman banindute bezala: parkeetako txirristetara, ikastolako patiora?

Idaztea hein handi batean gure inguruan ikusten duguna lapurtzea dela erantzun nion, eta nire habitata eguneko ordu askotan hori dela, umeen zaintza intentsiboen garaian bainago. Eta orduan pentsatu nuen ume txikiak izatean zein neurritaraino harrapatzen gaituen mundu horrek, eta nola guk uste baino gehiago nabaritzen zaigun gure amatasun edo aitatasuna.

Usainetik hasita. Goizean lantokira sartu eta haur-kolonia usaina zabaldu dut bulego osoan zehar. Eguerdian izan dudan bileran, argi geratu zaio aurrean neukanari ama naizela, esan ez badiot ere, nahikoa izan du alkandora beltzaren lepo inguruan nuen yogurt orbanari erreparatzearekin. Norbait autoan eramanez gero, Pirritx eta Porrotxen musika jarri gabe ere asmatuko du ama naizela autoaren alfonbratik zehar barreiatuta dauden patata frijitu aztarnak, txupeteak, eta sikatutako toaila bustien paketeak ikusten dituenean.

Lan ingurune batean gaudenean gure amatasun edo aitatasun kutsua ezkutatzen saiatzen gara askotan, gure seriotasunaren eta profesionaltasunaren kontrako seinalea balitz bezala. Eta honek, nik uste, badu zerikusia lan produktiboa eta ugalketa lana, orain arte, harremanik gabeko bi mundu izango balira bezala bizi izatearekin.

Duela gutxi notarioaren aurrean poltsan besterik aurkitu ez eta Spidermanen boligrafoarekin sinatu behar izan nituen eskritura ba-tzuk. Eta aitortu behar dut Olentzerori bizi-tzan lehen aldiz idazten banengo bezala sentitu nintzela gizon serio haren bulegoan.