Egunotan, nire etxeko hozkailuak Gabonetako Jaiotza dirudi. Etxekoek etengabe irekitzen dute haren atea eta han geratzen dira, barruko argiak aurpegia zurituta, geldirik, hara Jainkoaren grazia dela medio iritsi diren jaki guztiei begira, haiek adoratzen bezala. Telebistarekin batera, nire etxean gehien adoratzen den etxetresna elektrikoa hozkailua da. Eta ez pentsa zer jan nahi duten jakinda irekitzen dutenik. Han barruko mirariari begira egotea gustatzen zaie, eta bide batez egiaztatzea yogurtak ala urdaiazpikoak, zein jakik lortuko duen haien urin gastrikoak martxan jartzea. Batzuetan telebistako mandoa hartu eta hozkailuari begira sakatu eta sakatu ibiltzea falta zaie bakarrik.
Etxean ordu asko igarotzen diren jai egunetan oso ohikoa da eszena hori. Nik ere gogoratzen dut ikasle nintzela, azterketa garaian, hozkailuan bilatzen nuela aldiro inspirazioa. Etxean ordu asko egoteak gure sen basikoetara eramaten gaituela esango nuke. Janari bilaketa horretan badago zerbait basikoa, zerbait primitiboa, oinarrietara bueltatzen gaituena, gizakiak basoan baiak edo aranak bilatzen zituen garaietara, lurrean sustraien bila ibiltzen zenekora. Etxean ordu asko egoteak ez bakarrik basikoak, pixka bat basati ere bihurtzen gaitu.
Oinutsik, ilea baldres eta nahasia, buruari hazka egin bitartean hozkailuari begira, gu eta tximinoak ez gara hain diferenteak. Etxeko korridoretik gurutzatzen garenean ez diogu elkarri ezer esaten edo monosilaboen bitartez komunikatzen gara. Zingiran elkar gurutzatzen diren bi ahateren antza hartzen dugu, elkarri kua-kua eginez.
Lau pareta artean denbora asko egoteak badu zerbait hipnotikoa, han kanpoan nagusi diren eta erne egotera behartzen gaituzten arau sozialetatik salbu sentitzean lasaitzen gaituena, erlaxatu, drogatu. Eta bai, ondo dago etxean egotea, baina aitortu behar dut jai egun askoren ondoren, hozkailuak eta biok zibilizazioaren tentsioa faltan sentitzen dugula.