HIRI berean bizi izan zara azken hogeita hamar urteetan, eta zure inguruan dagoen paisaia duela hogeita hamar urtekoa dela iruditzen zaizu. Zure hiriaz hitz egiteko eskatu dizutenean orain dela hogeita hamar urte esandako topiko berak errepikatu dituzu. Baina atzo eta gaurko hiria berdinak al dira? Atzo eta gaurko mundua ez da ezertan aldatu ala?
Inguruarekin eta seme-alabekin gauza bera gertatzen zaigu. Hazten doaz, aldatzen doaz, eta ez gara konturatzen. Umetatik nerabezarora pasatu dira, baina ez dakigu nola izan den, guk goizero berdin-berdin ikusi ditugu eta. Umeak aspaldi ikusi gabe dagoena bakarrik konturatuko da hauen aldaketaz. Haien mundutik urrun egon denak bakarrik esan dezake "baina nola aldatu diren."
Bada berdin gure hiriarekin, gure inguruarekin. Ez gara aldaketez konturatzen baina aldaketak asko dira. Kanpoan egon denak bakarrik sumatzen ditu. Hamabost urtez kartzelan egon denak adibidez. Eta gauza txikietan ikusten ditu aldaketa horiek. Demagun, azken hamabost urteak kartzelan egin dituela pertsona batek, eta behin kalean, bizitza "aske" eta "arrunta" hasterakoan, ogia erostera doala igande goiz batean. Okindegira sartu eta ogi bat eskatu du. Okindegiko neskak zehazteko eskatu dio: baguette, txapata, berri, primitiboa, integrala, sojazkoa… Pausu bat egin du atzera gure preso ohiak, pixka bat beldurtuta eta lotsatuta: Nik ogi bat nahi dut besterik ez, ogi bat. Okindegitik irtetean, mundua benetan aldatu dela pentsatu du, ogi bat erostea ere konplikatu egin baita.
Dena aldatuz doa, konturatzen ez bagara ere. Eta aldaketa guztien pistak gauza txikietan aurkitu ditzakegu, ogi batean, adibidez. Adi egotea da kontua. Jodorowskik badauka esaldi bat etengabeko aldaketaz: "Gauzak ez dira, gauzak izaten ari dira". Eta gauzekin gertatzen den modura, berdin pertsonekin. Edo ba al dago inor orain dela hogeita hamar urteko pertsona bera dela esan dezakeenik?