Síguenos en redes sociales:

Tribuna abierta

José Manuel Bujanda

Zuoi, fusilatuoi

“Hitz egizue guztiei eginbehar betearen bertuteaz”

Zuoi, fusilatuoiAUÑAMENDI EUSKO ENTZOKLOPEDIA

“Hitz egizue guztiei eginbehar betearen bertuteaz” (Alfredo Espinosa, fusilatu baino bi ordu aurretik)

Alfredo Espinosa y Orive, Bilbo 1903, Gasteiz 1937ko ekainaren 24a, errepublikar mediku eta politikaria izan zen. Frankistek hil zuten Gerra Zibilean. Medikuntza ikasi zuen Madrilgo San Carlos Unibertsitatean, eta bertan Alfontso XIII.aren monarkiaren eta Primo de Riveraren diktaduraren aurkako ikasle taldeetan parte hartu zuen. 1926an, mediku titulua lortu zuen eta Bilbora itzuli ondoren Basurtuko Ospitaleko erradiologia arloko arduraduna izan zen.

Bere lan profesionalaz gain, Espinosa oso aktiboa izan zen Bizkaiko politikaren zirkulu errepublikanoetan. 1931ko apirilaren 12an Bilboko Udaleko zinegotzi aukeratua izan zen Errepublikano Sozialistaren zerrendetan. Errepublikaren etorrerarekin Bizkaiko Diputazioko Kudeaketa Batzordeko kide izendatu zuten. Geroago, Burgosko eta Logroñoko gobernadore zibila izan zen. 1934an, Union Republicana eratu zenean, Espinosa hautatu zuten Bizkaiko presidente. Gerra Zibila hastean, 1936ko abuztuan sortutako Bizkaiko Defentsa Batzordeko Komunikazio Komisario izendatu zuten. Autonomia Estatutua onartu ondoren, Espinosa Eusko Jaurlaritzan sartu zen, Jose Antonio Agirre buru zuela, Osasun sailburu gisa. Agintaldi laburrean (1936ko urritik 1937ko ekainera), eta nahiz eta Eusko Jaurlaritzak gero eta lurralde murritzagoa zuen bere administrazioan, gerra pairatzen ari zen biztanleriaren baldintzak hobetzera bideratu zituen bere ahaleginak.

Euskadiko Gurutze Gorriaren ardura hartu zuen, landa-higienea sustatu zuen eta errefuxiatuentzako eta hildako milizianoen seme-alabentzako gizarte-laguntza antolatu zuen, ongintzako fundazioak sortuz. Bilboko Unibertsitatean Medikuntza fakultatea sortzea ere sustatu zuen, Eusko Jaurlaritzak sortuta. Errepresio arbitrarioaren prebentzioan ere eragina izan zuen. 1937ko ekainean, hegazkinez joan zen Tolosatik (Frantzia) Santanderrera, Eusko Gudarosteko hondakinak handik atera ondoren, baina aparatua Zarauzko hondartzan lurreratu zen, pilotuaren traizioagatik. Agintari frankistek atxilotu eta Gasteizko espetxera eraman zuten. Bertan epaitu eta “matxinadarekin bat egiteagatik” heriotza-zigorra ezarri zioten. 1937ko ekainaren 24an fusilatu zuten, orain dela 86 urte beraz. Jose Antonio Agirre Lehendakariari gutun hau idazteko denbora justuarekin:

Nire lagun maitea. Zuregana jotzen dut Gasteizko espetxean exekutatua izan aurretik. Jakingo duzunez, preso hartu gintuzten Zarauzko plazan hegazkinaren matxuragatik edo Yanguas pilotuaren traizioagatik. Epaitu eta heriotzara kondenatu naute, eta gaur, bi ordu barru, epaia beteko da. Ikusiko duzunez, pultsua tinkoa dut eta ez nau heriotzak beldurtzen, baina egun garratzak igaro ditut hiltzeko zain, hil behar nuen minutuaren zain egoteko kezka izugarriarekin. Erregu bat egin nahi dizut lurraren altzora itzuli baino lehen, eta hauxe da: auzitegiek norbait heriotzara kondenatzen dutenean indultatu, zeren pentsa ezazu ama edo emaztea eta seme-alabak izan ditzakedala, eta kondena izugarria une latzetan pairatuko duzu beti.

Eska iezaiezu nire izenean nire kideei nik eskatzen dizudana, eta erregutzen dizuet ez dezazuela presoekin errepresaliarik egin nik jasan ditudanengatik eta une honetan auzipetuta ez dagoena aske utzi. Esaiozu gure herriari Gobernuko kontseilari bat ausarta eta adoretsu bezala hiltzen naizela eta bere bizitza bere askatasunaren alde eskaintzen duela. Esaiezu, halaber, nire arima guztiarekin pentsatzen dudala horietaz guztiez, eta ez naizela batere desohoreagatik hiltzen, baizik eta guztiz kontrakoagatik, hainbeste urtetako borrokan legitimoki irabazitako askatasun eta konkistak defendatzeagatik, eta nire heriotza eredugarri eta baliagarri izan dadila borroka krudel eta lazgarri honetan. Nire emaztea eta seme-alabak Biarritzen daude, rue Bon Amin.

Nik Lehendakari eskatzen dizut aholkulari gisa jasotzen nuen ordainsaria eurei ematea, eta garaipena gurea bada, ez ditzazuela bertan behera utzi, baizik eta zure bihotz handiari esker jakingo duzula ahalik eta ongien artatzen, ez baitute nik baino babes handiagorik. Era berean, utz iezaiozue Espainiatik irteten nire aitari Frantziara joateko. Nire gobernu-kide guztiei besarkada handi bat, borroka eta sakrifizioko lagun eta anaiaren besarkada, gerra izugarri eta krudel honetan. “Ene haur koitaduak, hitz egin iezaiezu, helduak direnean, beren aitaz, eta esaiezu nire arima osoaz maite izan ditudala eta nire ereduari jarrai diezadatela, beren Herria nik maite nuen bezala maita dezatela, eta nire emazte gaixoa kontsolatu badezakezu, talentua duzun horrek egin dezala, hartaz pentsatuz nire arima urratzen baita. Atzo Lauaxeta fusilatu zutela uste dut, beste martiri bat. Asko daude heriotzara kondenatuak, haien guztien trukea posible egitea, zeren eta, baldintza horietan, bizitza izugarria baita, eta haien oinazeak arintzearren ordaintzen duzuen guztia gutxi izango da, horiek guztiek nik sufritu dudan gauza bera jasaten baitute. Beraz, exekuziorako oso denbora gutxi falta da. Hitz egizue guztiei eginbehar betearen bertuteaz, eta esaiezu hobe dela heriotza bertuteak eta arima traizionatzea baino. Nire seme-alabena eta nire emaztearena errepikatzen dizkizut: ez itzazu abandonatu, Jainkoarren eskatzen dizut. Besterik ez, lagun maitea eta beti lehendakari, besarkada handi bat eta Gora Euskadi! eta Biba Errepublika! Historiak denok epaitzen gaituenean jakingo dute guk ezin esanezko guztia egin genuela presoen heriotza saihesteagatik eta ideia ororekiko errespetu osoa gordetzeagatik, gurearen kontrakoa bazen ere. Beti besarkatzen zaitu, Alfredo Espinosa”.

Soberan dago adiskide irakurle estimatua gutunaren edukiaren eta idatzi zuenaren balio etiko eta pertsonalaren iruzkin eta azterketa oro. Argi eta garbi bere kategoria eta maila. Alfredo Espinosa fusilatu zuten, Lauaxeta eta baita hainbat apaiza ere nola hala José Manuel Ariztimuño “Aitzol”, nire aitaren lagun mina zen Martín Lekuona eta José Adarraga, Gervasio Albisu, José Arín, Leonardo Guridi, Jorge Iturri, Santiago Lacus, José Markiegi, Alejandro Mendikute, Zelestino Onaindia, Jose Otaño, Jose Sagarna eta abar oso luzeegi bat. Jon Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi izan ziren azken euskaldun abertzale fusilatuak. Hauxe idazten ari nintzelarik beste honoko lerro hauek bururatu zaizkit, orain dela gutxi plazaratuak, hain zuzen, Aberri Eguna eta Aberrigintza direla eta. Faxistek fusilatu guztien omenez aipaturiko lerro horietatik gogoeta batzuk aukeratu ditut. Zuei, fusilatuei, omenaldi.

“Asmatuko dugu mundu ireki-zabalean gu geu izaten. Abertzale eta euskaldun izaten. Globalizazioa, bizitza, bilakaera, aldaketa, arreta, begirada geure bihotzaren taupada bakoitzean erronka ditugu. Entzumena zorroztuko dugu. Errealitate berriak, aurrez-aurre begiratuko ditugu. Entzuten, ikusten eta begiratzen jarraituko dugu. Mundu. Burujabetza. Nazioa. Ez gaitu izutzen erronkak, hoberenak emateko prest gaude. Zalantzarik ez. Abertzaletasunaren eskutik erakundetuko dugu Herria esparru guztietan.

Nago, zubigintzan, talde gisa, jardunean eta politikaren zentzurik onenean, sozial behar orotan bizkor-trebe arituko garela euskaldunon nazioa altxa eta eraikitzen. “Zazpiak bat” gauzatu eta lortzeko esku denak beharrezkoak dira, geureak eta besteenak. Zazpi lurraldeko Euskadi eraikitzen jarraituko dugu. Araba, Behe-nafarra, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa osatzen dute nazioa eraikitzen jarraituko dugu elkarrekin. Euskaldungoa eraikitzen jarraituko dugu. Euskara eta euskal kultura, eta bere, bermatuko dugu. Ez gara orain jaioak. Euskal nazio justu eta solidarioa dugu helburu-konpromisoa. Zazpiak eta euskararen lurrak bat. Euskadi, Euskal Herria beraz, helburu politikoa. Ikurriña ikurra. Askatasuna jomuga, burujabetza irrika. Ez gara perfektuak, baina bai saiatuak”. Umildadez zuei eskaintzeen dizkizuet lerro hauek, hunkituta, bihotza eskutan dudalarik. Arbasoak, gurasoak, osaba-isebak gogoan, “Txiki” bihotzean. Egokia da, guztiz beharrezkoa, gogoratzea nondik gatozen jakiteko aurrera nola jo bizkor eta era eragingarrienean.

Oraingoan ere esan daiteke “Izan zinetelako gara, eta garelako izango dira”. Askatasunaren, demokraziaren, Euskadiren eta bakearen alde egin zuten eta garai oso nahasi eta guztiz zailetan indarkeriaren aurka agertu zirenak ez ditzagun ahaztu. Jaio dira kimu berriak, katea, beraz, ez da eten. Ohore zuen bizitza, heriotza eta legatuengatik. Zuoi, fusilatuoi.