Itzulpengintza tresna arras garrantzitsua da eremu urriko zein hizkuntz gutxituetako literaturentzat, norberaren sormen lanak kanpoan ezagutzeko zein beste literatura lanak hizkuntza propioan jasotzeko. Horren garrantziaz jakitun, Herrialde Katalanetako, Galizako eta Euskal Herriko idazle elkarteek maiatzean itzulpengintzaren gaia landuko dugu Palma hirian (Herrialde Katalanak) ospatuko den Galeuscan. Horrekin batera, pozteko ospakizuna izango da aurtengoa, izan ere, berrogei urte beteko dira GALEUSCA topaketak abiatu zirela. Lehenengo topaketa haiek 1984ean egin ziren Bartzelonan (Herrialde Katalanak) eta topaketen antolatzearekin, hiru nazioetako idazle elkarteen asmoa, “periferietakoak” izatearen sasi-definizioaren gainetik, hiru nazioen literaturen, kulturen eta hizkuntzen zentraltasun izaera aldarrikatu nahi izan zen, hiruren arteko elkar lana bultzatuz. Orduko izpiritua gogoan, maiatzaren 29an Herrialde Katalanetako Palma hirian bilduko da berriro GALEUSCA. Orain berrogei urte heldutako bideari helduz eta, orduko Pobleteko Manifestuari jarraituz, oraingo honetan Palmako Manifestua kaleratuko da, katea ez dela eten aldarrikatzeko.

Literaturak elkartzen gaitu

Euskal Idazleen Elkartea 1982. urtean sortu zenean, bere helburuen artean zegoen, idazle galiziar, kataluniar eta euskaldunen arteko Galeusca topaketak bultzatzea. Horrela, Galizako eta Herrialde Katalanetako idazle elkarteekin batera (AELG eta AELC hurrenez hurren) GALEUSCA egitasmoa abiatu zen 1984. urtean. Helburu nagusien artean zeuden galizieraz, katalanez eta euskaraz sortutako literaturak elkar ezagutzea, literaturaren gaineko gogoetak egitea eta hiru literaturen idazleen arteko harremanak sustatzea. Ordutik 25 topaketa burutu izan dira, gai anitzak jorratuz, beti ere literatura eta idazleak ardatz hartuta eta izan bagarela lau haizetara zabalduz.

Pobleteko Adierazpena

Katalunian 1984. urtean egindako lehenengo GALEUSCA hartan, manifestu bat eman zen argitara, non zehazten ziren hiru literatura eta kulturen arteko elkartasuna eta elkarlana; hala nola, bestelako eskubideen aldarrikapena. Onartutako puntuen artean hiru nazioko idazle elkarteen arteko elkarlana sustatzeaz gain, instituzioei eskatzen zitzaien beharreko azpiegiturak sortzea eta nazioartekotzea bultzatzea. Horrekin batera, literaturari eta, batez ere, idazleei zuzenean lotutako eskaerak eta ekimenak azaltzen ziren, profesionaltasunaren aldarrikatzearekin batera.

Gaur egun bere horretan diraute helburu horiek, are gehiago gure hizkuntzen eta kulturen kontrako jazarpenen handitzea ikusita eta ustez iragan ilunekoak ziren jarrera eta debeku judizialak eta instituzionalak berrindartzen ari direla. Horren aurrean Galeusca sendotzea ezinbestekoa dela argi ikusi dute hiru nazioetako idazle elkarteek. Horri gehitu behar zaizkio, bere horretan dirautela idazle profesionalen prekarietatea eta idazle gazteen zailtasunak ofizio honetan aritzeko. Euskaldunon kasuan, ikuspegi nazionaleko Artista eta Sortzaileen euskal estatutuaren aldarrikapena ezinbestekoa da horri aurre egiteko. Eta, jakina, euskaraz sortzearen aldeko politika eraginkorrekin batera, ikuspegi feminista argia.

Palmako adierazpena

Elkarlanaren behar horri eutsiz eta Bartzelonan argitara eman zen Pobleteko Adierazpena izpirituari jarraipena emanez, Maiatzaren 29an egingo den Galeuscaren Palmako topaketaren harira, adierazpen eguneratua egin da, Palmako Adierazpen gisa izendatua. 2.800 idazle inguru biltzen dituzten hiru idazle elkarteek lau puntutan laburbiltzen dituzte euren elkarlanaren ideiak eta ildoak. Puntu horietan aurrekoek utzitako ondare historiko, kultural eta linguistikoa etorkizunerantz eramatearen konpromisoa, idazketaren eta itzulpenaren eskubide profesionalen aldarrikapena eta elkarteen arteko elkarlana aldarrikatu eta, azkenik, egun emendatzen ari diren gure hizkuntzen eta kulturen kontrako jazarpenak salatzen dira.

GALEUSCA, hastear den ibilbide berri honetan, gure literaturen, idazleen eta hizkuntzen defentsan orain arte erakutsitako irmotasunarekin ariko da. Badakigu nondik gatozen eta norantz goazen. Idazleen eskubideak eta baldintza profesionalen hobetzea, gure literaturen nazioartekotzea eta gure hizkuntza eta kulturen defentsa irmoa zutabe garrantzitsuenak izango dira Palman ere. Hantxe elkartuko gara; allà ens ajuntarem, atoparémonos alí

Perquè som. Por sermos. Bagarelako

Joxemari Carrere. EIEko kidea.