adut bereziki hozbera den lagun bat. Bereziki berobera ere bada, ordea. 20 gradurekin hotz eta 22rekin bero izaten du. Txapa mehekoa izan. Asko gara txapa mehekoak, orain dardarka eta geroxeago puzka aritzen garenak. Orain, gainera, aspaldiko hamarkadetan ez bezala gaude eguraldiaren menturan. Izan ere, aurtengo neguan ikasi dugu dutxak laburra behar duela, eta urak lehen baino epelagoa. Alegia, komuneko ispilua lurrun-tzen hasterako irten behar dela dutxatik. Ikasi dugu, halaber, etxean mauka motzetan ibiltzerik ez daukagula, gasaren fakturak zorabiatuko ez bagaitu. Egunotako berotean, ostera, aire egokitua duten lekuetan ere beste zenbait urtetan baino erabilpen zuhurragoa egin beharko dute nahitaez. Soldatak daude fresko-fresko, izoztuta.

Sanchez Galani ez dio hainbeste eragingo hozberoak. Donald ahatearen osaba aberatsaren gisan irudikatzen dut, diruketa egunetik egunera nola gizentzen zaion ikusiz gozatzen. Gaur atzo baino 35.000 euro aberatsagoa da. Eta bihar gaur baino. Gutariko edonork urtean irabazten duena egunean irabazirik, ez da erraza izango errealitatearen kontzeptu oso zehatza edukitzea. Iberdrolak inoiz baino irabazi handiagoak izan ditu eta ostiralean onartu zuten dibidenduen banaketa. Geurtzerako are aurreikuspen hobeak dituzte. Herritarrok estuen gabiltzanean, energia konpainientzat ur gaineko aparretan doaz kontuak. Iduri luke gu estutzea dela errazena; iduri luke gu estutzea dela haiek aberasteko biderik laburrena.

Sanchez Galanek ekitaldi batean inozo deitu zien tarifa arautua duten erabiltzaileei. Tarifak tarifa, herritarrak oro inozotzat gauzkala uste dut. Eta beldur naiz arrazoi ez ote duen. l