Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

"Mine hartuenan be...", Ana Urkiza bidez

Juan Luis Zabala idazleak Mina hartzeko ere izeneko poema liburua aurkeztu berri du. Poema liburuari titulua ematen dion esaera, txikitan amari entzuten ziona omen da, arriskutsua zen zerbait egiten zuenean errepikatzen ziona, eta orain, tamalez, ez dena sarri entzuten. Hizkuntzarekiko kezka agertzen du Zabalak liburuan, besteak beste. Euskararen aberastasunaren galera, batetik, eta euskararen alde nola egin, bestetik. Bere lasaitasunerako esan nahi nioke, Ondarroan, esaera horren bi erabilera egiten direla: "Mine hartzeko be" litzateke bata, Azkoitian bezala, arriskutsua den zerbait egiten ari denari esaten zaiona, adieraziz, mina hartu dezakeen zerbait egiten ari dela. Eta, bestea, "Mine hartuenan be" da, egiten ari den zerbait hori egiteari uzteko eskatzeko erabiltzen dena, mina hartzea ekiditeko.

Idazleak jakitera eman du baita ere, berak literaturari eman behar ziona jada eman duela sentitzen duela. Gaztetan, idazten hasi zenean, euskararen alde egiteko modu bat zela euskaraz idaztea. Horrek asetu izan duela. Kontzientzia lasaitu. Egitekoarekin bete. Baina, orain, uste duela euskararen alde areago egin dezakeela zerbitzari batek tabernan euskaraz zerbitzatzen bazaitu (eta euskal musika jarrita badauka, hobeto), liburu bat idaztearekin baino.

Ezkor topatu dut Zabala bere azken lanean, barruko beldurrak gainezka eginda balego bezala. Heriotza, oraindik ez dela tokatzen aitortu arren, aurreko atariko aulkian jarri izan balitzaio lez, bere heriotza propioari, umetan ezagututako munduari eta euskararen alde lan egiteko hartutako bideari so.

Zabalari esan nahi diot irakurri eta ulertu dudala. Ausardia handia erakutsi duela beldurrak aireratzearekin. Euskaldun askok partekatzen ditugunak direla, ordea. Ez dagoela bakarrik. Iraganera begiratu eta galerak kontatzea, ostera, ez da aterabidea, mina har-tzeko ere. Hobe aurrerantzean euskaraz zerbitzatuko gaituzten tabernariengana nola hel gaitezkeen pentsatzen jardutea, hiltzen ari zaizkigun esamoldeen gainean negarretan urtzea baino. Mine hartuenan be....