Eurovisioko ordezkaria
Estatuko Eurovisioko proposamena sexista da eta, hala ere, lehiaketara bidaltzea erabaki da. Eurovisiorako Espainiako ordezkaria hautatzeko antolatutako Benidormeko festibalean proposamen ez dakit interesgarriak baina bai oso ezberdinak azaldu direla. Horregatik harritzen du, areago esaterik badago, proposamen sexista batek irabazi izana edota proposamen sexista bati epaimahaiak bozkatu izana.
Harridura eta haserrea aurretik zetorren ordea. Epaimahaiak, finalerdietan Tanxugueiras talde galiziarraren proposamena finaletik kanpo gelditzeko eran bozkatu izanagatik. Festibaleko publikoak txistuka eta oihuka hartu zuen epaimahaiaren boza. Espainiako egunkarietan ere jaso da iritzia, panderoa oinarri duen musika batek ezin duela landa eremua gainditu eta galiziarren proposamen berriari tribalismo zantzuak zerizkiola salatuz. Kontua da, Espainiako hizkuntza koofizialak bistaratu eta Europari erakutsi nahi zizkiola Tanxugueiras taldeak. Espainia estatu inklusiboa dela aldarrikatu. Eta, behin berriro, Espainiak hizkuntza koofizialak landa eremuan kokatu ditu, hizkuntza horietan adierazten diren herriak edo proposamenak tribalistatzat joz.
Kultur adierazpide berriak eta aniztasuna horrelaxe jasotzen dira atzerakoiengandik. Tribalistatzat joz eta finalean aurkeztutako aukerarik sexistenari bozka emanez. Bazegoen beste aukera bat ere, Rigoberta Bandinirena. Munduko gizaki guztiok elikatu gaituen amaren bularrari gorazarre egiten ziona. Lotsagabekotzat jo da hainbat esparrutan proposamena; elikatu gaituen amaren bularra eszenatokian ikusteak arrara sortu baitu zenbaiten moral herdoilduan. Haatik, nahiago izan dute burua baino areago gorputza erakusten duen proposamen baten alde egin, ahotsa baino katu-dantza areago den proposamen bati bozka eman. Behin berriz, emakumearen atributu behinena, bere gorputz desiragarria dela erakutsiz. XXI. mendean, berdintasunaren mendean.
Barregarri gelditzea opa diot Espainiari maiatzeko Eurovisio jaialdian. Eskerrak, tribalistok ez gaituen ordezkatuko. Ez eta umeari bularra emateko mundua gelditu dugun emakumeok ere.