Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Duragoko Azoka

Aurten Durangoko Azokak 56. edizioa burutuko du, jadanik abian dugu. Eta aurten, gainera, iazkoaz alderatuta, azoka digitala eta presen-tziala izaten ari da. Hara hurbildu gara ohiko guztiok. Batez ere, Azoka maite dugunok. Urteko uzta preziatu nahi dugunok, berriak presentzialki dastatu nahi ditugunok, eta batez ere, bertako giroaz gozatu nahi dugunok. Inon euskara entzuten bada, hori, Azokan DA! Inon hizkuntza estresik somatzen ez bada, hori Azokan DA! Eta nonbaiten gazteak era naturalean euskaraz entzuten badituzu, hori Azokan DA!

Horrexegatik guztiagatik ez dut ulertzen, zer egiten duen EITBk ETB2rako edo Radio Euskadirako korteak gaztelaniaz ere eska-tzen. Ez dut ulertzen. Abenduaren 3an, Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldian, justu Azoka ireki aurreko egunean, aisialdian euskaraz egitearen eta euskaraz gozatzeak duen garrantziaz hitz egin zuten agintariek. Bat nator ideia horrekin. Euskara ikasgeletatik atera beharraz. Euskara eta aisialdia uztartzeaz. Euskarari euskaraz ari-tzeko espazio naturalak aitortzeaz eta horiek jagoteaz.

Bada, hori guztia, medioetan ere islatu behar den kontua da. Ezin da Ondarroa bezalako herri batera joan eta hango arrantzaleei kortea gaztelaniaz eskatu, ez baita naturala. Ezin da herri txikietako festetan hango haurrengana joan eta kortea gaztelaniaz eskatu, ez baita naturala. Eta, beraz, ezin da Durangoko Azokara joan eta hara hurbildutako gazteei kortea gaztelaniaz eskatu. Ez baita naturala.

Erdal munduari euskal munduaren berri eman behar zaiola? Noski baietz. Baina erdal munduari euskal mundua agertu beharko zaio den bezala, eta ez erdaldunduta. Ez baita naturala. Ez baita erreferentzialtasunean irabazteko bidea. Ez baita erdaldunei euskaldunok euskaraz egiten dugula esateko modua. Gaztelaniaz ere berdin bizi garela esatekoa baizik. Futbolariei komunikabideen aurrean euskaraz egitea eskatzen diegu, erreferenteak izan daitezela. Eta, gero, komunikabideek herritarrei kortea gaztelaniaz emateko eska-tzen. A zelako mesedea EITB Taldearena!

Ez da, ez naturala, ez bidezkoa!