Jean Giono idazle frantsesak 1953an argitaratu zuen bere libururik ospetsuena: Zuhaitzak landatzen zituen gizona. 60 orri baino ez dituen ipuin hunkigarri hau longseller bilakatu da, eta hizkuntza askotara itzuli dute, euskarara ere bai, tartean. Bestsellerrak ez bezala, zeinak epe zehatz batean izugarri saldu ondoren ahaztuak geratzen diren, longsellera denboran zehar jendeak erosten jarraitzen duen liburua da, modatik igarotzen ez dena, bere estetikak garai berrietarako ere balio duelako eta bere mezua ez delako iraungitzen hamarkadak igaro arren; klasiko izateko hazia darama bere baitan, berrehun edo laurehun urtera ere irakurle berrien begietan bizirik irauteko tenplea. Kasta horretakoa da Gionoren ipuin gogoangarria.

Ipuinak Elzéard Bouffier artzainaren istorioa kontatzen du. Emaztea eta semea galdu ondoren gizakien artetik aldendu zen. Probentzan bizi da, Frantzian, Alpeetatik hurbil, eta egunero ehun bat ezkur landatzen ditu haran lehor batean, makilarekin lur idorrean zulotxoak eginez. Narratzaileak 1910ean ezagutuko du, eta narrazioa 1947an amaituko da, artzaina zaharren egoitza batean hiltzen den unean.

Ezer ez zegoen lekuan baso eder bat sortu zuen; lehortuta zeuden errekastoak berriro ura isurtzen hasi ziren; txoriak itzuli ziren bailara hartara; eta 10.000 bizilagun inguruan egin zituzten etxeetara, ekimen isil eta xume batek mundura zenbat edertasun ekarri dezakeen adieraziz, natura elikatuz eta errespetatuz, eta ez mugagabe eta zentzugabe ustiatuz. Kapitalismo basatiaren kritika zorrotza dago ipuinaren sabelean.

Duela 27 urte Benito Lertxundik ipuin errezitatua grabatu zuen disko batean, Paul Winterren musikarekin. Lana guztiz oharkabean igaro zen, eta laster kultura eta musikaren zirkuituetatik baztertua geratu zen. Iaz lan aipagarri hau berrargitaratu du Kantaita Enea diskoetxeak, mimoz egindako argitalpen baten bidez. Testua Aitor Aranak itzuli zuen, marrazkiak Maria Fernández de Teránenak dira, eta diseinua Gratxina Lertxundik egin du. Grabazioaren une batean halako hau entzun daiteke Benitoren ahots gozoan: “Bake haundia sentitzen zen gizon haren ondoan, eta biharamunean ea beste egun batez gera nintekeen galdetu nion”. Horixe bera sentitu nuen nik ipuina entzuten nuen bitartean, eta ez behin bakarrik: beste egun askotan entzun dut nire etxeko abaroan.

Eta entzunaldi bakoitzean pentsamendu berbera zetorkidan: grabazio hau Euskal Herriko ikastetxe guztietan entzun behar lukete, ikasleek gogoeta egiteko, tertulia, zer pentsa ematen duelako gai askori buruz. Gainera ez da luzea, 45 minutu ingurukoa; baina lorratz sakona utziko luke gazteen gogoan. Pentsamendua aberasten duen ipuin bat da, eta belarriak gozatzen dituen grabazioa. Gure hezkuntza sistemak erne egon beharko luke, halako sormen lanak curriculumean integratzeko. Irakasle eta programatzaileen egunerokoa ez dut ezagun, baina proposamena egiten diet nire xumean. Disko honek merezi du bigarren bizitza bat, oparoagoa, erabakiorra izan bailiteke gazte askoren bizitzan.

Gauza askoren metafora da ipuina, fikzioaren boterearena, batik bat: denen usteaz bestera Gionok aitortu baitzuen artzaina fikziozkoa zela, bere asmoa zuhaitzekiko maitasuna piztea zela. Gustatuko litzaidake disko hau gure kulturak behar duen eguraste eta arnas berritzearen metafora ere bilakatzea. Maitatzea, guk ere, gurea.